Talde lana emaitzen gainetik

Unai Zamalloa Zubiaurre. Kurutziaga Ikastolako Kirol koordinatzailea.

Kurutziagako ikasle ohia da Unai. Pilotan eta saskibaloian aritu zen ikasle garaian. Gerora, saskibaloian baina entrenatzaile legez egin zuen bere bidea, eta ez nolanahikoa. Hamazazpi urterekin hasi zen Kurutziagan taldeak entrenatzen eta hogeita bost urtetik gora daroaz honezkero Kurutziagan atzera eta aurrera. Gaur egun ere LH6ko nesken taldea entrenatzen dihardu.

Eskola orduz kanpo ikastolan ikusten zaitugu atzera eta aurrera, baina zure lana lehenago hasten da… 

Ni Kurutziagako kirol koordinatzailea naiz. Kontuan hartu Kurutziagan LH2. mailan hasi eta DBH4 arteko kirol eskaintza anitza dagoela: multikirolak, eskubaloia, boleibola, saskibaloia, futbola, atletismoa, pilota… Batetik, hori kudeatzea eta talde guztietako entrenatzaile, delegatu eta abarrekin harremana mantentzea da nire lana. Bestetik, kirol horietako askok badituzte herri mailan ere klub antolatuak eta haiekin ere etenik bako harremana mantentzen dut. Beti saiatzen gara ikasleek hemendik irteterakoan kirol antolatuan jarrai dezaten.

Kirol talde guztientzat entrenatzaileak aurkitzen ere baduzu nahikoa lan.

Bada bai. Beti saiatzen gara, ahal dela, entrenatzaileen taldea ikasle ohiek osatu dezaten. Kurutziagan ibili denak ezagutzen ditu gure oinarrizko balore batzuk: kirola euskaraz egitea, talde lana baloratzea emaitzen gainetik… Entrenatzaile hauentzako formakuntza bilatzen ere saiatzen gara.

Lan horretan ez zabiltza bakarrik.

Ez, ikastolan badago Kirol Batzordea. Une honetan zuzendaritzako ordezkari batek, hiru gurasok (Eloi Etxegibel, Oskar Alberdi eta Elena Unzueta) eta nik neuk osatzen dugu. Garrantzitsua da talde horren lana, izan ere kirol plangintza hezkuntza proiektu baten barruan txertatzen du. Aurrera begira talde hori osatu egin gura dugu, eta horretarako taldeetako ordezkariekin batzar bat egitekotan gara. Jakina, edozein boluntario ere ondo etorria izango da.

Argazki honek akordu bereziki onak dakarzkio Unairi. 1997an jaiotakoen taldearekin Bizkaiko txapelketa irabazi zuten eta Euskadiko txapeldunorde izan ziren.

Multikirolen eskaintzak erantzun ona izan du.

Bai, LH2 eta LH3ko ikasleak ari dira hor, eta arrakasta izaten ari da gainera. Pozgarria da, izan ere ohartzen ginen bestela kirol hautuak ia-ia futbolera eta saskibaloira mugatzen direla eta kirola hori baino askoz zabalagoa da. Multikiroletan danetariko kirolak ezagutu eta probatzen dituzte, eta horrek aukera gehiago zabaltzen ditu. Aurten, adibidez, bolei taldea berreskuratu da ikastolan eta Durango Atletismo Klubarekin dugun harremanari esker 40 ikasle inguru doaz atletsimo egitera.

Zer ari da gertatzen saskibaloiarekin eta futbolarekin?

Ni saskibaloi zalea izanda, arduratzen nau geroz eta gehiago saskibaloia nesken kirol bezala ikusteak. Ikastola gainditzen duen kontu bat da, Tabirakok berak ere badu zer hausnartua horretan. Futbolari buruz, berriz, zer esan? Mutil gehienak futbolak eroaten ditu. Eta ez hori bakarrik. Gaur egun hainbat klub daude eta oso adin txikietatik hasten dira fitxaketa eta halako kontuekin. Guk gurasoei azaltzen diegu alebinetan edo benjaminetan behintzat, ez gaudela ados jokabide horiekin. Adibidez, badugu harremana Culturalarekin eta saiatzen gara gure ikuspuntua azaltzen. Ikastolako haurrak ere joaten dira Tabirara lantzean behin entrenatzera, baina hemen berton badaukate taldea. Gure kirol ikuspegia eta klubena ez datoz beti bat.

Edozelan ere, ikastolako kirol eskaintzak harrera ona du.

Datu zehatzak ezin ditut eman, baina gaur egun LH2 eta DBH4 arteko ikasleen ehuneko handi batek dihardu kirolen batean edo bestean, eta niretzako pozgarria da hori. Bestalde 3K Programan ere sartuta gaude bigarren urtez. Kirol erakundeen kudeaketa hobetzeko programa bat da, eta asko ari gara ikasten.

Saskibaloi zalea izanik, zein da zure gogoko taldea?
Baskonia.

Gustukoen izan duzun jokalaria?
Hiru: Fernando Martin. Drazen Petrovic eta, inoizko onena, Magic Johnson. Onena zen berarekin jokatzen zutenak ere hobeak egiten zituelako.