Rio de Oro arropa bilketak egiten ari da, baita Kurutziagan ere: “Uda heltzeagaz batera, haurren itzulera da albiste pozgarrienetako bat”

Paule Loizaga Legarra, goiko ilaran, ezkerretik hasita, hirugarrena.

Rio de Oro elkarteak urte batzuk daramatza Saharako gatazkak direla-eta, kanpamenduetan eta bestelako ekintzen bitartez laguntzen. Urtero egiten duten dinamiketako bat udalekuena da. Tindufetik (Aljeria) Izurtzaraino hainbat gazte hurbiltzen dira, eta uda bertan igaro. Horren harira, eta haur horieri lagundu asmoz, arropa bilketari ekin zioten. Gaur egun, eta ekainaren 10era arte, aukera dago ekarpenak egiteko Kurutziagan, idazkaritzan hurbildu eta arropak bertan utzita. Rio de Oroko kide den Paule Loizagak arropa bilketako nondik norakoak eta elkartearen jarduera zer puntutan dagoen  dizkigu.

Zer moduz doa arropa bilketa? Jendeak erantzun du?

Egia esan, primeran doa. Aurreko urteetan ere oso erantzun ona jaso izan dugu, baina aurtengoagaz ezin pozago gaude. Arropa bilketarako jarri ditugun gune guztietan arropa bete kutxa aurkitu dugu, eta horrek herritarren inplikazioa eskertu beharrean gaudela gogorarazi digu.

Zenbat ume etorriko dira udan Tindufetik? Zelan antolatuko zarete?

Aurten 6-10 urte bitarteko hamar haur dira etortzekoak, eta horietako seik lehen aldia izango dute Tindufetik kanpo.

Ekaina amaieratik abuztu amaierara bitarte 8 txanda izango ditugu, horietako bakoitza 8-10 begiralez osatua, beraz bai, udalekuak eskatzen duen lana handia da. Denetara, uda osoan 80 begirale inguru izango ditugu Izurtzan, ahaztu barik haurrekin datozen bi begirale sahararrak, uda osoa igarotzen dutenak gugaz batera. Bolumen handiko boluntariotza da, horrek suposatzen duen kudeaketa guztigaz, baina urteekin boluntario sare handi bat osatzen joan gara eta erantzuna itzela izan da beti.

Azken urte bietan ezin izan duzue esperientzia hori errepikatu. Gogotsu zaudete?

Oso. Rio de Oroko udalekutik pasa garenok badakigu uda heltzeagaz batera, haurren itzulera dela albiste pozgarrienetako bat. Alde batetik, udalekuak eskaintzen dizkigun bizipen eta esperientziengatik, baina batez ere, beraientzat suposatzen duen aukeragatik. Azkenean, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan oso baldintza gogorretan igaro ohi dituzte udak, eta halako adina dutenean irtetzeko beharra areagotzen da. Gurera heltzen diren haurrek gainera, bereziki dute osasun arretaren premia, eta bertan aukera hori bermatzen zaie. Oso garrantzitsua da ume hauen osasunari erreparatzea, eta azken bi urteetan etortzeko aukera galdu dutenek ezingo dute denbora hori berreskuratu.

“Askotan aipatu izan dugu eta hala sinisten dut: “Rio de Orok engantxatu egiten du””

Zein izaten da taldearen agenda? Zer erakusten diezue gehienbat?

Aldez aurretik, elkarteko barne lan talde bat arduratzen da udaleku osoan zehar egin daitezkeen jarduera, irteera edota dinamika ezberdinen proposamenak egiteaz. Hori dena dokumentatu eta udalekua heltzen denerako eskuragarri egoten da, txanda bakoitzeko begirale taldeak asteko agenda programatu dezan.

Agenda sinplea izaten da, batez ere haurren aisialdiari begira egokitutako eskulanak eta jolasak prestatu, egunak dinamizatu, eta tarteka irteera bereziak programatu; Surfa, Kutxa Espaziora irteera, inguruko herrietako jaietako puzgarrietara…

Haur batzuen zenbait baldintza fisikok (itsutasuna, mugikortasunerako zailtasunak…) gure jarduerak egokitzera garamatza, eta ahalegin handia egiten dugu denek gozatzeko moduko aisialdi uda bat eskaintzeko.

Ez nuke esango guk ezer erakusten diegunik, ezta asmo hori dugunik ere, ez bada, beraiek kanpamentuetako baliabide eskasiagatik ezagutzen ez dituzten tresnen erabilera; dutxa, komuneko ponpari tiratzea… eta horrelako gauza teknikoak. Gainontzekoan, erabateko trukea ematen dela esango nuke; hizkuntza, kultura eta ohiturei dagokienean.

Zenbateraino baldintzatu du zuen jarduna izurriak? Guztizgeratu behar izateraino iritsi zarete?

Erabat baldintzatuta egon gara. Alde batetik, erakundearen proiektu nagusia udako udalekua izanik, ez baitzegoen modurik hura aurrera ateratzeko, eta bestetik, izurritearen gorabeherek bestelako jarduerak aurrera ateratzeko oztopoak besterik ez dizkigulako jarri. Gainera, Rio de Oron aktiboki ari garenon bizitza propioak ere hain aldrebestuak izan diren garaiotan, gutako askok, ordura arte erakusten genuen gogoa beste eremu askotara bideratu eta honek gerora begirako zalantza ere eragin izan digu: ¿Berreskuratu ahalko dugu lehengo Rio de Oro? Deslotzea handia izan da, eta nik neuk kolokan jartzen nuen elkarteak lehengo indar eta konpromisoagaz funtzionatzen jarraitu ahal izatea. Orain ordea, ziur nago udalekuaren itzulerak ilusio bereziagaz bueltatzea eragingo digula, are, lehen baino indar gehiagogaz!

Bolondres izan gure duen bati zer nabarmenduko zenioke esperientzietatik?

Boluntariotza honetan bi alde desberdinduko nituzke, ez baita berdina udalekura boluntario joan edo elkartearen baitan kide aktibo izatea. Norberak ikusi behar du zenbat, non eta nola eskaini dezakeen, baina horretarako probatu beharra dago, eta uste dut udaleku hau boluntariotza esperientzia baterako aukera ederra dela.

Batetik udalekua bera zoragarria da zentzu guztietan: haur taldea, begirale taldea (adin eta jatorri anitzeko pertsonaz osatua), dinamika eta funtzionamendua… Esperientzia bere osotasunean aberasgarria da guztiz. Are gehiago, urtero iristen diren boluntario berriek, normalean, errepikatu egiten dute hurrengo urtean, eta hori da seinalerik esanguratsuena.

Bestetik, Rio de Oro bezalako elkarte baten parte izateak, udalekutik harago, urtean zehar eta bestelako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen dizu: Saharar herriaren gatazka egoera gordina ezagutu eta herri arteko lotura berezi baten murgildu, kultura eder hori gertutik bizi, gainontzeko boluntarioekin harremanak, sareak…

Guk, taldean, askotan aipatu izan dugu eta hala sinisten dut: “Rio de Orok engantxatu egiten du”.

Baduzue helbururik jarrita epe labur zein luzera?

Momentuz elkartearen proiektuak eta lan taldeak berraktibatu ditugu, eta orain udalekuan daukagu jarrita fokua.

Hala ere, erronka edo helburu nagusi bat azpimarratzekotan, belaunaldi berrien txertatzea litzateke. Bi urteko geldialdiak horretan ere eragin digu, eta aurreko urteetatik gabiltzan boluntario askok orain zailtasun gehiago ditugu udalekuko txandak osatzeko edo bestelako ekimenetan horren aktiboki jarduteko. Ezinbestekotzat jotzen dugu boluntario berriak gerturatzea, eta zalantzarik barik, udalekua aukera ederra da horretarako.