Plan estrategikoa: non egon gura dugu lau urte barru?

Kurutziagako Artezkaritza Kontseiluaren eta Zuzendaritzaren artean osatutako batzorde bat ari da, aholularitza baten laguntzarekin, datozen lau urteotarako Plan Estrategikoa osatzeko prozesua lantzen. Gotzone Duñabeitia (Zuzendari Pedagogikoa), Jon Elorrieta (Kurutziaga Ikastolako presidentea) eta Urko Rodriguez (Zuzendari gerentea) batzorde horretako kideak dira. Gaur (osteguna) langilegoari aurkeztuko zaio. Gurasoei urriaren 22rako deia luzatu diete.

Zergatik plan estrategikoa orain?

2013an diseinatu genuen aurrekoa. Ziklo hori osatuta, zer bete dugun, eta egitekoan zerrendan zer utzi dugun jakinda, datozen lau urteotarako helburuak jartzea dagokigu orain. Ez gara hutsaren gainean ari. Oinarri bat badaukagu eta hori gure hezkuntza proiektua da.

Ez gara hutsaren gainean ari. Oinarri bat badaukagu eta hori gure hezkuntza proiektua da”

Joan den lau-urtekoan betetakoen artetik zer azpimarratuko zenituzkete?

Denbora oso azkar doa eta badirudi dena aspaldi izan zela baina tarte horretan hainbat gauza egin dira: DBHn EKIrekin konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza ezartzea; Haur Hezkuntzako curriculum propioaren idazketa eta, ondorioz, eraikinaren eraberritzea; Kanpo-espazioaren hausnarketa prozesua eta lanen gauzatzea; Elkarbizitzari dagokionez KiVa martxan jartzea; Jantokiko proiektuan bertoko lehengaiak eta ekologikoak sartzea; Gurasoekiko ohiko komunikazioan beste pauso bat ematea …

Barne antolaketan ere eman dira pausoak.

Ikastola asko hazi da urteotan. Gaur egun, hirugarren lerroa maila guztietan dago martxan. Horri erantzungo dion antolaketa egoki eta eraginkor baten bila ibili gara urteotan. Maila pedagogikoan hezkuntza proiektuari erantzungo diona eta etapen arteko ikuspegi bateratua bideratuko duen Zuzendari Pedagogiko orokorra izendatu da. Edozelan ere, barne antolaketarena Plan Estrategiko berrian ere lantzen jarraitu beharrekoa gaia da. Hezkuntzan eraldaketak etengabeak eta geroz eta azkarragoak baitira.

Urriaren 22ko saioan parte hartzera eta euren iritzia eta ezagutza partekatzera animatu gura ditugu gurasoak”

Egitekoen zerrendan ere gertuko ziren batzuk.

Jakina. Aipatutako barne antolaketaz gainera, gurasoen partaidetza zelan sustatu eta bideratu da horietako bat. Plan Estrategiko berriari begira parte hartzera eta euren iritzia eta ezagutza partekatzera animatu gura ditugu gurasoak. Urriaren 22an egingo da lehenengo saioa.

Non egon gura du Kurutziaga Ikastolak lau urte barru?

Horixe da Plan Estrategikoarekin zehaztu gura duguna. Eta ez gaude geure buruari galdera hori egiteko egokiera txarrean. Ikastolaren egoera, ona da bai ekonomikoki eta baita matrikula aldetik ere. Halako momentuak aprobetxatu behar dira tarte bat hartu eta begirada etorkizunean jartzeko. Berrikuntzan jarraitu behar dugu bai ala bai. Hezkuntza proiektu sendo bat ere badaukagu. Beraz, zehaztu ditzagun lehentasunak guztion artean ikastola bere osotasunean ulertuz.

Urriaren 22ko parte-hartze saioan ondo etorriak izango dira familia guztien ekarpenak. Bertaratzeko asmorik baduzue, osatu mesedez, beheko fitxa.

 

Urriaren 22ko parte-hartze saiorako izen emate galdetegia