Narzis@, mugikorrak gazteengan duen ondorioei buruzko antzezlana San Agustin Kulturgunean

Igandean, martxoaren 20an, gazteek mugikorrekin duten erlazioaren inguruko antzezlan bat eskainiko dutre San Agustin Kultur Gunean, “Narzis@” deiturikoa. 18:00etan hasiko da obra, eta sarrerak 4 euroan (bazkideentzat 3 euroan) daude eskuragarri. Antzezlanak gazteek lehen telefono mugikorrarekin duten harremanaren inguruan hitz egiten du. Antzezlana 7 urtetik gorako gazteentzat dago zuzendua.

Sinopsia

Peru 11 urteko gaztea da. Bere urtebetetze festara inor ere ez etorri arte lagunak dituela uste du. Beno, norbait bai ageri da. Maialen, bere bizilaguna. Betiko laguna. Egun horretan Peruk 12 urte bete ditu. Egun horretan, gurasoek smartphone bat oparitu diote. Eta egun horretatik aurrera bere bizitza aldatu egingo da. 

Mundu berri bat ezagutu du. Mundu birtuala. Badaki mundu horretan beste pertsona bat izan daitekeela, beste izen batekin. Historiari buruzko ikasgaian, irakasleak greziar mitoei buruz esandakoa gogoratu du, eta Narziso izatea erabaki du. Izen horrekin bizitza berri bat asmatzen du. Ezagutzen ditu selfoak, eta erakutsiko diote nola jokatu behar duen bizitza berri horretan arrakasta izateko. Jarraitzaile pila bat lortu ditu. Baita ‘like’-ak ere. Oso ezaguna egiten da. Peruk pantailaren aurrean ematen du egun osoa, bizitza birtualean gertatzen denak bizitza errealean gertatzen denak baino gehiago axola dio. Bere benetako lagunak jada ez du garrantzirik. Orain lagun asko ditu. Amak ezin du gehiago jasan egoera hori, eta astebete zigortuko du mugikorrik gabe. Astebetean lagun berriak ez dira berataz gogoratzen. Ezagun izateari utzi dio. Ez du jarraitzailerik lortzen. Mugikorra berreskuratu beharra du. Galdutako ospea berreskuratu behar du orain arte inork egin ez duen zerbait eginez. Bizitza birtualaren eta errealaren artean hautaraziko duen zerbait.