LH6ko ikasleak ikerketan buru-belarri sartuta dabiltza azken aspaldian, hauxe dute ikergai orokorra: Munduko herrialde guztiek bizi-baldintza berdinak dituzte bizitza duina izateko?
Galdera honi erantzuteko lehenik eta behin, gure inguru hurbileko bizi-baldintzak aztertzeari ekin zioten. Horretarako, gertuko adituengana jo eta aurretik prestatutako elkarrizketa izan dute informazio-iturri. Euskal Herriko bizi-baldintzak egokiak diren ala ez ondorioztatzeko hiru faktore ikertu dituzte: hezkuntza, osasuna eta bestelako zerbitzuak.
Hezkuntzari buruzko informazioa eskuratzeko ikastolako zuzendari pedagogikoa den Gotzone Duñabeitia elkarrizketatu zuten, osasunaren ingurukoak jasotzeko ikastolako gurasoa den Igotz Aranbarri medikua, eta bestelako zerbitzuei buruzko informazioa biltzeko Durangoko alkatea den Ima Garrastatxurekin elkartu ziren udaletxean. Esperientzia aberasgarria izan da oso, gai hauetan hain jantzita dauden pertsonekin elkarrizketak burutu ahal izatea. Esan daiteke, 6. mailako ikasleek orain hobeto ezagutzen dutela euren inguru hurbileko errealitatea.
Orain, Senegaleko bizi-baldintzen egoera ikertzea tokatzen zaie ikasleei bestelako informazio-iturriak erabilita. Horrela, gure inguru hurbileko egoera eta urrutiko herrialde baten egoera konparatuta, baieztatu ahal izango dugu non jaio, hala bizi, egia den ala ez.