LH: Pentsamendu konputazionala

Aurreko asteetan, Lehen Hezkuntzako ikasleek pentsamendu konputazionalari (PC) buruzko tailerretan parte hartu dute, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eskainitakoetan. Pentsamendu konputazionala arazoak konpontzen laguntzen duen trebetasun-multzo bat da, pertsona edo ordenagailu batek urratsez urratseko konponbideak proposatuz. Pentsamendu konputazionala ez da ordenagailu bat bezala pentsatzea, kontrakoa baizik: arazo bat konpontzeko zer egin behar duen ordenagailu bati esateko gai izatea.

Europako CTPrimED proiektuaren esparruan (Computational Thinking in Primary Education – https://computationalthinking.education/), Deustuko Unibertsitateak Amsterdamgo (Nemo) zientzia-museoa buru duen partzuergo batean parte hartzen du, eta Curasaoko Tinkersjop erakundearekin lankidetzan, Lehen Hezkuntzako irakasleentzako eta ikasleentzako materiala garatzen ari dira, ikasgelan ordenagailuarekin lotutako kontzeptuak integratzeko, hala nola abstrakzioa, patroien aintzatespena edo algoritmia. Kurutziagan egindako tailer hauetan, ikasleek koreografia bat diseinatu dute piktogramak erabiliz (lehen hurbilketa algoritmiara), pictionary-ra jolastu dute abstrakzioaren kontzeptua ulertzeko edo BeeBot eta Makey-Makey gailuak programatu dituzte.

Lankidetza horren gailurra hiru herrialdeetako ikasleen arteko online topaketa izan zen, tartean Kurutziagako bost ikasle. Topaketa horretan, parte hartu zuten ikasleek beren eskolaren, herrialdearen eta beren buruaren aurkezpen laburra egin zuten. Gainera, koreografia bat diseinatu zuten (algoritmoa), eta konektatuta zeuden gainerako neska-mutilekin partekatu eta dantzatu zuten.