Leopoldo Zugaza eta Jesus Astigarraga, Durangoko eta Kurutziagako ekintzaile eta lagun bi, zendu dira

Argazkian, Jesus Astigarraga (ezkerrean) eta Leopoldo Zugaza (eskuman).

Egun gutxiren buruan, Durangoren eta Kurutziagaren mesedera lan egin zuten bi pertsona zendu dira: Joan zen astean Leopoldo Zugaza hil zen, eta aste honen hasieran haren lagun handia zen Jesus Astigarraga. Biek ala biek Durangon sortutako elkarte eta proiektu askotan parte hartu zuten.

Zugaza eta Astigarraga Kurutziaga Ikastolaren sorreran parte hartu zuen guraso taldearen parte ziren, Zugaza guraso legez, eta Astigarraga ekintzaile legez (ez zen guraso). Astigarragaren kasuan, bere etxean klaseak eman izan ziren lehen urteetan. Horrez gainera, Hitz liburu dendaren eta Gerediaga Elkartearen sorreran ere parte hartu zuten biek.

Leopoldo Zugaza: Euskal Herrian barrena ekintzaile

Durangon zein Durangotik kanpo lan egin zuen Zugazak. 1970eko hamarkadan Ezkurdiko Aretoaren eraikuntzan zerikusia izan zuen. Kurutziaga Ikastolako guraso den Mikel Onandiak Anboto astekariagaz egin zuen berba durangarraren inguruanBertan aipatu zuenez, “1970eko eta 1980ko hamarkadetan Ezkurdiko Aretoa erreferentzia bat izan zen euskal abangoardiarentzat. Beste leku askotan, hiriburuetatik aparte ez zegoen erakusketa aretorik”. Proiektu haren atzetik etorri ziren Bilboko Arte eta Historia Museoaren, Zarauzko Photomuseumaren, Gernikako Euskal Herria museoaren eta hainbat aldizkariren sorrerak. Zugaza horien guztien hastapenetan egon zen.

Jesus Astigarraga: Bigarren lerroan mantendu zen langilea

Astigarragaren herri ekintzaile sena ikastolaren sorreran argi geratu ez bazen, Gerediaga Elkartearen eta Hitz liburu dendaren sorrerekin erakutsi zuen Durangoren alde lan egiteko borondatea zuela. Urte askoan izan zen, gainera, herriko aparejadore. Astigarraga zerbaitek definitzen bazuen, diskrezioa zen. Bere ingurukoek lehen lerroan lan egiten zuen baina argazki eta fokoetatik urrun mantentzen zen pertsona legez definitzen dute.

Kurutziaga Ikastolatik besarkada beroena helarazi gura diegu beraien familiei.

Adiorik ez, Jesus eta Leopoldo!