Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek Lan Hitzarmen berria adostu eta sinatu zuten, atzo arratsean, irailaren 30ean, Ikastolen Donostiako Etxean egin zen negoziazio mahaiaren azken bileran. Lan Hitzarmena 2018 eta 2019 urteei dagokiena da, eta Ikastolen Elkarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 59 ikastolei eragiten die. 3.500 langile dituzte ikastolok, eta 46.603 ikasle.
Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta gehiengo sindikalak (LAB sindikatua; ordezkarien %75 ditu) izenpetu dute Lan Hitzarmena. Joan den abenduan sinatutako Lan Akordioan hitzartutako puntuak biltzeaz gainera, atal nagusiak eguneratu eta berritu dira. Langileentzat hobekuntza ugari ditu, bereziki 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat. Halaber, ikastola guztietan berdintasun planak bultzatzeko konpromisoa ere martxan jarri dute. Jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz ikastoletan gelak itxi beharko balira, ikastolek borondate irmoa dute, orain arte egin bezala, lanpostuei eusteko, eta hitzarmen honetan xede horretarako lan batzorde berezi bat osatzea ere aurreikusi da.
Ikastolen aldetik azpimarratu nahi dugu Lan Hitzarmen hau adosteko aldeek erakutsi duten borondatea. Prozesua luzea izan da. Ia urtebete behar izan zen Lan Akordioa adosteko, eta zortzi hilabete gehiago behar izan dira Lan Hitzarmen berria egiteko. Denbora honetan guztian, ordea, akordiorako borondatea izan da bi aldeetan. Inguruko kanpo faktoreek helburuan eraginik ez izateko erakutsitako jarrera ere txalogarria izan da.
2009an izenpetu zen azken Lan Hitzarmena ikastoletan. Hamar urte igaro dira, beraz, ikastolek Lan Hitzarmen berri bat edukitzeko. Horregatik balio berezia du aldeek atzo izenpetutako hitzarmenak.
Joan den larunbatean, Ikastolen 2019-20 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian azpimarratu genuen bezala, irakasleek eta langileek osaturiko lan taldea gakoa da ikastolen hezkuntza proiektuaren erronkak aurrera ateratzeko, eta haientzako lan baldintzarik onenak nahi ditugu ikastolok. Lan Hitzarmen honekin urrats garrantzitsuak egin dira lan baldintza horiek hobetzeko, eta bidea garbitu da ikastolek hurrengo urteetan izango dituzten erronkei hobe erantzun ahal izateko.
Ikastolen Elkartea