Joan den ostegunean, martxoak 1, berrogeita hamargarren urteurreneko ekitaldiei hasiera emanez, urteotan guztietan Kurutziagako langile izan direnei, eta erretiroa hartuta daudenei, ikastolaren izenean aitortza eta esker ona adierazteko ekitaldia egin genuen. Xumea baina polita eta hunkigarria izan zen, Kurutziagako zumitzekin egina.
Izaro Ercilla (gitarra) eta June Iturriaga (bibolina) ikasleek egin zieten harrera euren musikarekin bertaratu zirenei. Egia esan, erantzun ona jaso genuen langile ohien aldetik. Bat edo beste lokalizatzea kosta zitzaigun. Bakar batzuk ezin etorria adierazi zuten eta, bihoakie hemendik gure barka eskea hainbeste langile ohiren artea ahaztu genituenei. Etorri zirenen artean batzuk ikastola utzi berriak ziren baina beste batzuen kasuan urteak eta are, hamarkadak ere baziren Kurutziaga utzi zutenetik.
Ekitaldia aurkezten DBH4ko Amaiur Zuazua eta Unai Ormaetxea aritu ziren eta berau Haur Hezkuntzako eraikin eraberrituan egin genuenez, egunerokoan bertan dauden HH5eko umeak izan ziren dantza eginez lehenengo txaloak lortu zituztenak.
Kurutziaga Ikastolako presidentea den Jon Elorrietak hartu zuen hitza ondoren. 1966ko belaunaldiko ikasle ohia eta egungo guraso izanik, berrogeita hamar urteotan ikastolak egin duen bidearen lekuko aparta da Jon. Erakunde legez ikastolak langileoi zor dien esker ona adierazteaz gainera, Bizitzeko Hezi leloaren atzean dagoen filosofia azaldu zuen.
LH5eko ikasleek presidentari berba hartu izan baliote legez, Gatibu taldearen Aske maite, aske bizi kantuaren koreografia bizia eszenaratu zuten dotore asko.
Koreografiaren ostean ekitadira hurbildutako langile ohiei (edo euren familiakoei) pertsonalki aitortza egiteko momentua iritsi zen. Aurkezleek esan zuten moduan urrezko intsigniak oparitzeko moduan ez gaudenez, urteurreneko logoak batzen dituen zazpi koloretako zapiak jarri genizkien lepoan.
Zoritxarrez, urteotan guztietan gure artetik joan diren langileak ere baditugu. Euren argazkiekin bideo labur bat proiektatu zen Xabier Goiri tronpetajoelak Txoria Txoriren melodia jotzen zuen bitartean. Betirako gugan. Adiorik ez. Daudenenetzat eta ez daudenentzat, agurra dantzatu zuten dantzariek (Malen Ansorena, Ametz Arias, Jone Barruetabeña, Garazi Sarrionandia eta Ane Oñate).
Ekitaldia umorez amaitzeko, egunerako beren beregi jarritako koplak abestu genituen guztion artean Erika Lagoma (Kurutziagako irakaslea), Gorka Valdes (ikasle ohia), Maddi Berasaluze (ikaslea) eta Intza Beresaluzeren (ikaslea) laguntzarekin.
Gogoan gordetzeko argazkia
Hainbeste gonbidatu batu ondoren talde argazkia egitea derrigorra zen. Jaso bitzate hemendik berriro gure eskerrik beroenak bertaratu ziren eta bertaratzerik izan ez zuten berregoita hamar urteotako Kurutziaga ikastolako langile ohiek.
Argazkiak: Ohiane Ferreria Landeta