Durangoko ikastetxeek, tartean Kurutziaga, eta Dendak Bai elkarteak “Motxila Durangon bete” kanpaina jarriko dugu martxan. Urte sasoi honetan tokiko kontsumoa eta kontsumo arduratsua balioesteko, eta tokiko merkataritzan erosketak bultzatzeko kanpaina hau abiarazi dugu.
Eskola-adineko neska-mutilen adierazgarri den motxila baten irudiagaz, berau Durangon betetzera gonbidatzen dugu, modagaz, ipuinekin, kirolagaz, kulturagaz, askariagaz, jolasekin, arteagaz eta musikagaz, besteak beste. Irudi koloretsu hori ikastetxeetan eta saltokietan ikus daiteke, baita tokiko hedabideetan eta sare sozialetan ere.
Azken urteotan, ikasleen bisitak saltokietara antolatu ditugu, Kurutziagan opari-txartelak oparitu ditugu herriko dendetan erabiltzeko… Lankidetza puntual horiek gero eta ohikoagoak dira, baina oraingoan urrats bat gehiago eman da, alde guztiak ekintza berean biltzen baitira.
Ikuspegi beragaz lan egitea ezinbestekoa da aurrera egiteko eta herri batek behar duen aberastasun ekonomiko eta sozial horri bizirik eusteko. Alderdiak hainbat esparrutakoak diren heinean, baina herrian eragile garrantzitsuak diren heinean, hainbat balio partekatzen dira: hurbiltasuna, konfiantza, iraunkortasuna… Eta espero dugu lankidetza hori hemendik aurrera egingo diren askoren hasiera baino ez izatea.
Gora gure herriko komertzioak!