KORRIKA 21.5 edizioa Kurutziaga ikastolan
Aurten zegokion KORRIKAri bere 22. edizioan Euskal Herria zeharkatuz euskararen aldeko aldarria zabaltzea. Baina pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera dela eta 2022ra atzeratu behar izan dute antolatzaileek. Beraz, aurtengoan, ez dugu izango euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuenaz eta zirraragarrienaz gozatzeko aukerarik. Erabaki latza AEKk hartu behar izan duena, jakin badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu, inoiz baino beharrezkoago baitu euskarak kalea eta jendea.
Euskararen aldeko giroa sortzeaz eta euskal jendartea hunkitzeaz gain, euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko balio du Korrikak. Diru-iturri horren faltan, Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara! diru-bilketa kanpaina jarri du martxan AEK-k, eta Kurutziaga Ikastolak bere komunitatea osoa deitu nahi du ekimen honetan parte hartzera: diru ekarpenak egitera animatuz zein euskararen aldeko ekintzetan parte hartuz.
Horregatik, antolatu dugu Kurutziaga Ikastolako KORRIKAren 21.5aren edizio propioa. Helduen euskalduntzean hainbeste lan egiten duten euskaltegien alde eta euskararen alde gure ekarpena egin nahi dugulako. Martxoaren 23an KORRIKA egingo dugu ikastolan, goizean hasi eta arratsaldera arte eskurik esku arituko da euskararen aldeko lekukoa ikastolako kanpo-espazioan. Osasun neurri guztiak hartuta egingo dugula esan beharrik ez dago.
Eta euskaltegiei gure bultzadatxo ekonomikoa emateko asmoz egun horretan bertan, ikasle 1 euro 1 euskararen alde diru-bilketa kanpaina burutuko dugu. Diru honen bilketa geletan egingo da LH eta DBHren kasuan, HHn harrera-gelan jarriko ditugu kutxak.
Animatu eta parte hartu! Euskarak behar gaitu!
Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara!