Jon Ander Ramos: eskola-umeek, heldu askok bezala, oso urrundik begiratzen diote Durangoko bonbardaketari

Jon Ander Ramos EHUko Historia graduko irakaslea eta Kurutziaga Ikastolako gurasoa da. 1937ko martxoaren 31an (eta apirilaren 2an, eta 4an) Durangok jasandako abiazio faxistaren bonbardaketak eta testuingurua ikertu ditu. Bonbardaketaren 82. urteurrenean, Durangoko eskola-umeei azalpenak eman dizkie Andramariko basilikan.

Aspalditik ari zara eskola-umeekin bonbardaketa eta testuingurua azaltzen?

Orain dela urte bi hasi nintzen. Ordura arte “Aztarnak” bideoa (behean ikusgai) jartzen zitzaien ikasleei eta gero ekintzaren bat egin. Bi urtetik hona bideoa jartzeaz gainera, gertakariei testuinguru bat ematea pensatu zuten eta horretan aritzen naiz. Zer dela-eta geratu zen, zer egoeratan zegoen garai hartan Durango eta Durangaldea…

Zer egoeratan zegoen, bada, Durangaldea?

Kontuan hartu behar da 1936ko udazkenaz geroztik Durangaldea frontearen lehenengo lerroa zela. Gipuzkoa eta Araba frankisten esku zeuden eta Durango, batez ere Gipuzkoatik ihesi zetozen errefuxiatuz beterik zegoen. Ehuneko berrogei hazi zen garai hartan Durangoko biztanlegoa. Bonbardaketaren ostean, berriz, ia erabat hustuko zen.

Aurten bonbardaketaren 82. urteurrena da eta LH6ko ikasleei eman dizkiezu azalpenak. Zer distantziatatik begiratzen diote bonbardaketari?

Ikasleek, heldu askok bezala, oso urrundik begiratzen diote. Eskolan lantzen dute zerbait baina ez askorik. Martxoaren 31ko gertakariez harago, berriz, apenas badakiten ezer. Oso nabarmena da irakasleren batek, edo familiak berak gertakarietan indarra jartzen duenean. Gaur, adibidez, bonbardaketan birramama galdu zuen neskatila bat etorri da, eta halako kasuetan distantzia bestelakoa da.

Historialari moduan garrantzitsua deritzozu eskola-umeei halako gertakarien berri emateari?

Jakina. Adibidez,“Aztarnak” bideoan ikusten dituzten eraikin batzuk identifikatu egiten dituzte eta, seguruasko, orain Durangotik dabiltzala beste begi batzuekin begiratuko diete. Batzuk galderak ere egiten dituzte, ea nork eta zergatik bonbardatu zuen, eta hori guztiori azaltzen saiatzen naiz, baita gaur egun munduan hainbat herri eta hiri bonbapean bizi direla azaltzen ere. Zoritxarrez ez gara bakarrak.

Gaurkoaz aparte bonbardaketak utzitako aztarnak aitzakia hartuta ibilaldi gidatuak ere egin izan dituzu, ezta?

Bai eta , beharbada, ez legoke gaizki ikastolako guraso eta irakasleekin halako bat antolatzea. Sarritan begien aurrean duguna da gutxien ezagutzen duguna.