Ikastolen VII. Batzarraren prestaketak

VII. Batzarra prestatzeari berrekin diote ikastolek

Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko egingo duten VII. Batzarra prestatzeari berrekin diote ikastolek, pandemiak eraginda, sei hilabeteko parentesia egin ostean. Hurrengo hamarraldian egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkura horretan.

Batzarra prestatzeko lehen urratsa barne dokumentu bat idaztea izan da. Bertan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaltzen da, eta etorkizunerako aurreikuspen bat ere egiten da. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak osatu du dokumentua, eta berau aurkezteari ekin zion, otsailaren 11n, Tolosan. Aurreikusitako bileren erdiak egin eta gero, ordea, itxialdia etorri zen, eta hori dela-eta sei hilabeteko parentesia egin behar izan zen prozesu honetan.

Irailaren 30ean egin zuten parentesi horren osteko lehen eskualdekako bilera. Kanbon izan zen eta Seaskako ikastolak zeuden deituta bilkurara. Gaiak sortu duen interesaren tamainako erantzuna izan zuen ikastoletako ordezkarien aldetik, jende ugari hurbildu baitzen VII. Batzarra prestatzeko landu den dokumentuaren azterketa egitera.

Azterketa horretan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaldu da, eta etorkizunerako aurreikuspen bat ere egin da. Bistan da, pandemiak gure gizartean eta hezkuntzan izan duen eragina ere jorratu da, eta beronek hasieran idatzitako dokumentuan aldaketak egitea ere behartu du.

Kanboko bilera eta gero, urrian eta azaroan egingo dira eskualdekako gainerako bilerak eta horietako bat datorren astean Durangoko Ibaizabal Ikastolan izango da.