Erika Lagoma Pombar – Gaur8-rako idatzitako artikulua (2023-09-23)
Zergatik erosi, oparitu… diozu smartphone bat zure haurrari? «Ez dut azkena izaterik nahi». «Ez dadin baztertua izan». Hau da gurasoek ematen duten arrazoi nagusia. Zein da lehenengoa baina, oiloa edo arrautza? Norbaitek izan behar du lehenengoa.
Eta badakigu, teknologia berriak ez dira ez onak, ez txarrak, erabileran dagoela gakoa. Eta bai kasualitatea izango da, ezen kotxeak, motozerrak, drogak, jokoa ere ez dira ez onak ez txarrak, erabileran dago gakoa, baina ez dizkiegu eskuetan jartzen.
LHko 3. mailan, ikasleen herenak du smartphonea, eta 6. mailan bi herenek. Eta ikerketek erakusten duten bezala, oro har kontrolik gabe jarduten dute mundu digitalean. Ume hauek ez, ez dira azkenak izan, baina batzuek menpekotasun arazoak dituzte. Lehen hezkuntzako ikasleen erdiak astegunez bi ordu baino gehiago pasatzen ditu pantailekin eskolaz kanpo. Asteburuetan %20k bost ordutik gora egunean, eta %10ek zortzi ordu baino gehiago.
Ez, ez dira azkenak izan, batzuek instagramen 5.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte. Lasai, ez dira azkenak izan. 5 minututan 2.000 mezu jasotzen dituzte whatsappean, beraien argazkiekin sortutako memeak edo stiker pornoak tarteko. Baina baditu gauza onak, erabileran dago gakoa.
Pediatrek, psikologoek eta irakasleek ere kezka agertu dute tresna digitalen erabilera desegokiak osasun fisiko, mental eta sozialean eragiten duelako. Pantailek neurogarapenean eragiten dute, arreta eta lo arazoak sortzen dituzte, besteak beste. Bere erabilera gainbegiratu gabe teknologia asko kontsumitzen duen umeak jazarria izateko, mingarriak gerta dakizkiokeen jarrerak garatzeko arrisku handiagoa dauka. Baita besteentzat erasokorrak izan daitezkeenak garatzeko ere. Ez gara gai hezkuntzan sexu-heziketa integrala txertatzeko, egingo du internetek, egingo du pornoak. Bistan denez, ekarpen lazgarriak egiten ari da.
Guk 16. Zalantzatik, kezkatik abiatuta, Zarauzko ikastolako esperientziari jarraiki, Durangoko Kurutziaga ikastolan 23 familia elkartu ginen duela 4 urte, ikasmaila bereko familiak. Gailu eta mugikorren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu dugu, ikastolako komunitatearen formakuntzan eragin adituak gurera ekarriz, ikuspuntuak partekatu eta familien arteko elkarlana sustatu. Seme-alabek teknologiarekin harreman osasuntsu bat izan dezaten bide kolektiboa egiten ari gara. Mugikorra emateko adina atzeratu nahi dugu, bitartean ikasiz, eztabaidatuz, elkarrekin. Beste ikasmaila batzuetan ere “Guk 16” taldeak sortu dira eta ekimena egonkortzen doa. Ikastetxeekiko elkarlana ezinbestekoa da, eta beste herrialde batzuetan hasi diren bezala, haien proiektu digitalen diagnosia egitea ezinbestekoa da. Zenbat ordu pasatzen dituzte ikasleek pantailen aurrean eskolan? Zertarako? Zein konpetentzia digital lantzeko? Zein ondorio ditu horrek?
Ez da gako bakarra mugikorra jasotzeko adina atzeratzea, beste gailu batzuekin hartu emana dutelako, bai etxean bai ikastetxean. Gure larruan aise sentitzen dugu ez dela erraza jardun digitala osasuntsuki kudeatzea, harrapa zaitzan diseinatuta dago, eta garapenean dagoen umea edo gaztetxoa harrapakin xaloa da. Xaloa da, etxean ez bada gaia lantzen, ez bazaizkio tresnak ematen. Baina adin guztiak ez dira berdin. Gurasoak gara hein handi batean gailu digitalak haurren esku jartzen ditugunak, eta gurea da lehen ardura. Arazoak sortzen direnean, ikastetxera jotzen dugu konponbide eske.
Izan gaitezen zintzoak: zergatik erosi, oparitu…diozu smartphone bat zure haurrari? «Bakean utz nazan?»