‘Gu be zuek gara’ ekitaldia antolatuko du La Cuadri del Hospi elkarteak, haur eta nerabeen minbiziari aurre egin asmoz

La Cuadri del Hospi elkarteak ekimen berezi bat antolatuko du datorren maiatzaren 12an: GU BE ZUEK GARA ekitaldia. Ekimen berezi horrek durangarrak haur eta gazteen minbiziaz sentsibilizatzeko helburua du. Egunean bertan, Durangoko kaleetan ibilaldia antolatuko dute, eta Landako Gunean jaialdiari jarraipena emango diote, non hainbat tailer eta girotzeko musika izango dugun.

La Cuadri del Hospi gurasoen elkarte bat da, haurren minbizia humanizatzeko, gizarteratzeko eta ikertzeko, eta hezur-muinaren dohaintza zabaltzeko helburua duena. Bide horretan, garrantzitsutzat jotzen du ikasleak zein irakasle eta gurasoak haurren eta nerabeen egunerokotasunera hurbiltzeko eta gaixotasun horren errealitatea eta eguneroko bizitzan dituen ondorioak bertatik bertara ezagutzeko.

Kurutziaga Ikastolak, herriko hainbat eragilerekin batera, parte hartuko du eta parte hartzeko deia luzatzen du La Cuadri del Hospi elkarteagaz bai maiatzaren 12ko jardueretan bai gaiari buruz gauzatuko diren hausnarketa, lanketa edota berbaldietan. Gai eta borroka sentikor eta gogorra da haur eta nerabeen minbiziarena, eta elkarlanean kontzientziazio ariketa egitera eta gaixotasunak erasandakoei babesa eskaintzera animatzen zaituztegu, maiatzaren 12tik hasita.