Aste Santuko oporraldiarekin batera, Euskararen Etxeak eskaintza berezia ondu du bisitarien gozamenerako, apirilaren 6, 7, 8 eta 9an:
Batetik, Euskararen Interpretazio Zentro berrituan bisita gidatuak eskainiko dira, 12:30ean eta 17:00etan.
Euskararen Interpretazio Zentroak (EIZ) euskararen erabilgarritasuna, bizi indarra eta aniztasuna transmititu nahi ditu. Era berean, norberaren inplikazioa aldarrikatzen du, norberak euskarari gehitu egiten baitio. Finean, euskararen askotariko izaerak batu egiten gaitu.
Bertan, zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskainiko zaie bisitariei; hau da, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgilduko dira.
Bestetik, familiek edo haurrekin datozen taldeek Hostopostoak familia programan parte hartu ahalko dute.
4 eta 10 urte bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri bezain hezigarria da Hostopostoak. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai-jolas erraldoi batez baliatuko gara. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da hau. Egin erreserba!