‘Euskara Gehiago’, hezkuntzan euskarazko eredua orokortzearen aldeko sinadura bilketa abian da: batu zaitez!

Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntza komunitateko eragile nagusiek  ‘Euskara Gehiago’ sinadura bilketa abiatu dute. Sinadura bilketa honen helburu nagusia EAEko Hezkuntza Lege berrian eragitea da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-sistema osoan euskara ikas- eta irakats-hizkuntza normalizatua izan dadin eta, horretarako, Hezkuntza Legeak euskarazko ikasteredu orokortu inklusiboa berariaz jaso dezan. Bide horretan, jendartean euskararen aldeko jarrera sustatu eta ikas komunitatean euskarazko ikasteredua orokortzearen aldeko iritzia ere bultzatu nahi dute.

Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza-sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura hastea. Ondorioz, Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzeari ekin zion.

Urte bereko abenduaren 16an, hezkuntzako eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak EAEko hezkuntza-hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun soziala bultzatu zuten, Batuz Aldatu dinamikaren baitan. Euskalgintzaren Kontseiluaz gain, hainbat eragilek, tartean Euskal Herriko Ikastolek, proposamena babestu zuten.

Sinadura hauen bidez Eusko Legebiltzarreko kideei EAEko Hezkuntza Lege berriak honako hiru puntuak berariaz jaso ditzala eskatu nahi zaie:

  • Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
  • Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
  • Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Sinadura bilketa 2023ko irailaren 12tik urriaren 15era luzatuko da, eta 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sinatu ahal izango dute eskaria

Sinatu gura izanez gero, sakatu behean:

SINATU

Hemen duzue irakurketa osoa: