Gotzone Duñabeitia, erronkez beteriko ikasturtearena atarian: “Hezkuntza proiektuaren garapena eta berrikuntza bateratua bultzatzea da helburu nagusia”

Ikasturte berriak erronka berriak dakartza, eta ikastolako lan-taldeak hausnarketak eta proiektuen diseinuak aztertzen ari dira, helburu eta jomuga berriak ipiniz. Gotzone Duñabeitia zuzendari pedagogikoak 2023-2024 ikasturteko helburuak eta lan lerroak azaldu ditu.

Ikasturte berria, garai berriak hezkuntzan. Zeintzuk izango dira ikasturte pedagogikoari dagokionetik helburu nagusiak?

Hezkuntza proiektuaren garapena eta berrikuntza bateratua bultzatzea da helburu nagusia. Badaude alor batzuk ikastolari osotasunean eragingo diotenak: Izan IKT plana, hezkuntza eta hizkuntza proiektuak… Orohar, Hezkuntza Lege berria dela-eta, ikastolako curriculuma berriztu eta egokitu behar dugu. Beste batzuk aldiz, etapa bakoitzeko premiei erantzuten dien berrikuntzagaz dute lotura. Haur hezkuntzan “Psikomotrizitatea naturan”, LH metodologia aktiboen markoan “Tailerra” izango dute aztergai eta DBHn lege berriak arloetan eragin dituen aldaketak eta “Taldeko Tutoretza”. Lan eremu biek dute xede plan estrategikoan jasota ditugun lerro estrategikoei erantzutea, Kurutziaga ikastolako hezkuntza proiektuaren garapen bateratua bultzatu eta garatzea hain zuzen ere. 

Aldaketak agerikoak dira ikasgeletan: Horma batzuk bota eta gela handiagoak, altzaria ere aldatuta…

Bai, horrela da. Pixkana-pixkana bagoaz aurrerantz. Aspaldi hasitako bideari jarraipena emanez etapa guztietan. Testuinguru fisikoaren aldaketa lotura zuzena du hezkuntzan egiten ari garen eraldaketagaz, biak elkarren eskutik doaz. Baina baita ditugun ikasle talde kopurutsuagaz ere. Espazioa irabazi dugu, ikasgela handiagoak eginda, ikasleen zein irakasleen erosotasuna bermatuz. Bestetik, etapaz etapa meteriala berritzen goaz eta, esaterako, ikasgeletan mahai eta aulki berriak, egitura berri batekoak jarri ditugu lan-taldea sustatzeko balioko dutenak.

IKT planaren barruan, zer eginkizun ditu ikastolak aurten?

Badira urte batzuk ikas material digitala erabiltzen hasi ginenetik. Hala ere, beste hainbat behar izan dira etapa guztietako material didaktikoetan izango duten erabilera ezagutu eta gelaratzeko. Beste arrazoi batzuen artean, sorkuntza prozesuak ere bere faseak dituelako. Denbora honetan guztian hainbat hausnarketa, egokitzapen eta aldaketa egin dira etapa guztietan. Erabilera, helburuak, denborakotasun eta helburuei erreparatuz. Orain hausnarketa prozesu bateratu bat egiteko momentua heldu zaigu, IKTek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan izan duten eragina bere osotasunean aztertuz.

Etapak aipatu dituzu, goazen banaka. Haur Hezkuntzari begira, zer eginbehar azaldu dira aurten?

Haur Hezkuntzako enborrak izaten jarraitzen dute psikomotrizitatea eta naturagaz harremana. Irakasleek proiektua diseinatuta daukate, orain teknikotik pilotatzera eroatea da asmoa.

Lehen Hezkuntzan zein izango da aztergai nagusia?

Metodologia aktiboen markoan txertatzen diren estrategia edo egitura pedagogikoetan murgilduta ibiliko da etapa hau. Tailerrak izango dituzte hizpide eta aztergai eta hauek ere gelaratzeko saiakeran ahaleginduko gara.

Kurutziagako azken etapa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza da. Zer aldaketa dago?

Alde batetik lege berriak eragindakoak. Curriculumak egokitu,  ikasgai berriak… sorkuntza prozesu baten murgilduko gara burubelarri. Bestetik, “mailako tutore taldea” proiektuari jarraipena eman eta egonkortzen ahaleginduko gara. Lehen esan legez, ikasle kopuru handiak ditugu eta honi tutoren antolaketa desberdin batekin erantzun nahi diogu. Baita familia eta ikaslearenganako hurbiltasuna eta harreman indartzea ere. Batez ere etapa edo ziklo aldaketa egiterakoan.