Atzo, martitzena, Kontseiluak ekitaldia egin zuen Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Bertan, Idurre Eskisabel idazkari nagusi berriak lehen agerraldia egin zuen, eta esker onak eman nahi izan zizkion «genealogia euskaltzaleari, euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garaietan ere ez ziolako etsi, baita egun euskara itsaso zabal bat izan dadin arloz arlo lan egiten duten pertsona guztiei ere». Itsasoaren metafora izan zen nagusi Eskisabelen hitzartzean. Euskalgintzarentzat ezagunak diren itsasoez aritu zen, eta oraindik ezagutu beharrekoez. Itsasontzia da Kontseilua; lemazaina, idazkari nagusia. Eta, 12 urtez ontzia gidatu ondoren, Paul Bilbao Sarriak bazkide guztien aurrean pasatu zion erakundearen lema Idurre Eskisabeli.
Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 3an publiko egindako manifestua duzue behean. Sinatu gura izanez gero, bidali posta elektronikoa hezkuntza@kontseilua.eus helbidera.