Gorka Zamalloa Kurutziagako gurasoa da eta aurten sartu da bertako Kirol Batzordean. Mendizalea da eta gurako luke mendiko ekintzei beste presentzia bat ematea Kurutziaga ikastolaren kirol eskaintzaren barruan.
Lehenengo eta behin, argitu dezagun datorren domekarako prestatu zen mendi irteera atzeratu egin dela, ezta?
Bai. Ez genuen datarekin asmatu eta martxora atzeratzea erabaki dugu. Badakigu ikastolako kide askok Alpino Tabira mendizale taldeak egin ohi duen Txitxiburduntzian parte hartu ohi dutela eta ez da. inondik ere. gure asmoa ekintzak bikoiztea. Izatekotan ere, alderantziz, dauden indarrak batu eta eskaintza osoagoa egitea.
Mendiko ekintzei bestelako presentzia eman gura diozue ikastolan Kirol Batzordetik. Hori da Mendi Taldearen ideia?
Bai. Azken finean, ikastolan egiten den beste kirolen eskaintza ere Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskola Kirola programaren barruan dago, izan futbola, saskibaloia, zein beste edozein kirol. Bada programa horren barruan, mendi eskaintza ere badago, eta hori baliatu behar dela deritzogu. Azken batean, hemen beti egon da mendirako joera handia eta gurasoen aldetik ere eskabidea badago.
Zein da Eskola Kirola programaren barruan dagoen mendiko eskaintza?
Eskaintza hori Mendi Federazioak kudeatzen du eta familiei zuzenduta dago. Bi taldeta banatzen da nagusiki: 7 eta 12 urte bitartekoena, eta 12tik 16rakoa. Eskualdeen arabera antolatzen dira irteerak, domeketan. Durangaldeak Lea-Artibai eta Busturialdearekin batera parte hartzen du eta bost astean behin izaten da irteera bat.
Hori ohiko eskaintzari dagokionez, baina hortik aparte, 12-16 adin tartean, adibidez, formakuntzako ikastaroak ere egoten dira, Xoxoteko edo Arrabako aterpetxeetara asteburu-pasa joateko aukerak…
Zer egin behar da ekintzotan parte hartzeko?
Lehenengo ikastolak izena eman behar du programan. Mendi federazioak urte osoko programazioa egina du eta irteerak merkeak izaten dira gainera. Beraz, egutegian irteera aukeratu eta ikastolatik izena zenbatek eman duten jakinarazi behar da. Irteeraren egunean autobusak ikastolan jasotzen ditu joango diren haurrak eta helduak. Ez da derrigorra irteera guztietarako izena ematea.
Argi utzi behar da helduekin batera joatekoa dela eskaintza, ezta?
Hori da. Mendi federazioak gidariak jartzen ditu baina irteerak familia giroan egitekoak dira.
Ikastolatik ikastolarako ekintzak antolatzea ere bada helburua?
Izan daiteke baina, lehen esan dudan moduan, kontuan hartu behar da Durangon bestela ere badagoela eskaintza hori egiten duenik eta, egitekotan, osagarria izan behar duela.