Eneko Sagardoi: Txotxek erakutsi zigun askatasunean bizitzen

Eneko Sagardoi Mujika (Durango 1994). Aktorea. Kurutziagako ikasle-ohia.

Joan den otsailaren 3an aktore berri onenaren saria jaso zuen Goya sarietan Handia filman egindako lanagatik eta guztion arreta bereganatu zuen Enekok. Sariaren aurretik ere hamaika lan egindakoa da, eta saria jaso ostean ere horretan dihardu. Erroak non dituen ahaztu barik, DBH2ko ikasleak prestatzen ari diren antzerkiaren prestakuntzan laguntzera etorri da ikastolara eta hortxe harrapatu dugu elkarrizketa egiteko. Gaur Txotxeri egingo zaion omenaldian ere parte hartuko du.

Beste ezertan hasi aurretik, zorionak ikastolako kide guztion partez, Eneko.

Eskerrik asko, estimatua dago.

Amaitu da Goya sarien osteko zalaparta?

Amaitu baino amaitutzat eman dudala esango nuke. Ateak itxi dizkiot kontu horri. Lanean hasteko gogoa nuen, entseguetara bueltatzeko, taulagaineko lanera.

Lana izango duzu, bada, orain?

Bai, bai… Heriotza bikoitza antzezlanarekin nabil batetik bestera. Maiatzaren 25ean Durangon, San Agustin Kulturgunean egongo gara gainera. Ekainean filma bat grabatuko dut Euskal Herrian, euskaraz. Izenik ezin da esan oraindik baina eleberri baten adaptazioa da. Eta udan Meridan (Badajoz, Espainia), Teatro Clásico jaialdian Freda obra estreinatuko dugu, Lolita Floresek nire amarena egiten duela. Otsailera arte Espainian zehar biran ibiliko gara. Eta, azkenik, udazkenean, beste filma bat grabatuko dut, thriller bat, Madrilen.

Hanka bat Madrilen eta beste Durangon duzula bizi zara, beraz.

Literalki bai, ze, entseguak direla-eta, gela bat hartu dut Madrilen. Egia esan balio izan dit ikusteko ez dudala Madrilen bizi gura (barreak). Zarata asko dago eta han ditudan lagun guztiak ofiziokoak dira, beraz, beste konturik ere ez dago. Durangok ostera ematen dit itzelezko lasaitasuna. Koadrila zoragarri bat daukat nire lanbidearekin zerikusirik ez duena eta oso lasai nago hemen.

Gatozen, bada, Durangora. Hemen, ikastolan eman zenituen lehenengo pausoak antzerkigintzan.

Bai. Antzerkiarekin hasi aurretik, taldetxo bat ibiltzen ginen, eguerdietan, karrajuan antzerkitxoak, dantzak eta holakoak egiten. Ze, nik uste dut, ikastolan antzerkigintzako proiektua egoteak jendea bultzatu duela antzerkia egitera, horrekin jolastera. Hori oso inportantea da, ze, ikasgaiaz harago, sortzen da atmosfera bat sorkuntzarako antzerkigintza proiektuan zuzenki parte hartu aurretik ere.

Zer akordu daukazu zuen mailakoek egin zenuten proiektuaz?

Bueno!… Zerribarne herri honen arima zuen izena. Gogoan daukat, ikasturte horren aurreko udan ametsetan aritzen nintzela zer obra izango zen, zer egitea egokituko zitzaidan, zelako pena hartuko nuen dantza egitea bakarrik egokituz gero… Niretzako mugarri bat zen. Ikastolako ibilbidean gora begiratzen nuenean, horixe zen nire ametsa eta ikastolan egoteko ilusio handienetariko bat.

Eta iritsi zenean…

Lehenengo eta behin konturatu nintzen oso lotsatia nintzela. Asko kostatzen zitzaidan kontaktu fisikoa izatea, fisikoki besteengan konfidantza izatea… Horregatik esaten dudanean antzerkiak gauza askotarako balio duela, horretaz ere ari naiz. Harreman handirik ez daukazun jendearekin harremantzera bultzatzen zaitu, proiektu amankomun bat partekatzen duzu talde handi batekin… Pertsona moduan asko zabaldu ninduen eta asko gozatu nuela gogoratzen dut.

Hortik zuzenean Karrika Antzerki Taldera?

Bai. Miren lehengusina eta biok zuzenean joan ginen. Egin nuen lehenengo obra Oinez dabilen jende eskasa izan zen. Eta hortik, gaur arte. Gaur egun aktore moduan ezin dut Karrikan parte hartu baina bertako kide sentitzen naiz lehenengo egunean legez.

Ikastolako antzerkigintza proiektua eta Karrika Antzerki Taldea aipatu ditugunez, ezinbestekoa da Txotxeri erreferentzia egitea. Zer izan da zuretzako Txotxe?

Txotxe izan da nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuenetako bat. Zentzu askotan. Alde batetik antzerkira hurbildu ninduen pertsona izan zelako. Baina pentsa zer garrantzitsua izan den, hori dela garrantzi gitxien duena. Txotxek irakatsi digu ikastolako jende askori, eta Karrikakoei, askatasunean bizitzen. Bestea, ezberdina, errespetu handiz tratatzen, elkarri entzuten eta eskuekin lan egiten.

Txotxek bazeukan bere burbuila bat ametsez, bidaiez, iraultzaz betetakoa. Inkonformista bat zen. Uste dut pasa diguna jarrera bat dela, saiatuko naizena bizitzan ahalik eta presenteena edukitzen.

Eguen honetan ikastolak omenaldia egingo dio eta bertan izango zara, ezta?

Bai. Hasiera batean ezin nuen baina etortzea erabaki dut. Aurreko astean entseguan egon nintzen eta oso polita izan zen. Guri dagokigun zatian antolatu duguna da hainbat belaunalditako ikasle ohien bilera bat, eta bertan gogora ekartzen ditugu obren izenburu batzuk, bere mantra batzuk, bere estetika: maskarak, sua… Entsegua ikusi izan balu, zelan batu ginen eta aritu ginen ideiak botatzen… Azken finean bere errua da.