Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Aurtengo martxoaren 8a ere igaro da, baina Emakumearen Nazioarteko Eguna ez da egun bakarrera mugatu gurean, eta ez dadila mugatu ez hemen ez inon.

Parekidetasuna eta hezkidetza eguneroko gaiak baditugu ere, inauteriak igaro eta berehalakoan ekin genion geletan gai honi lekua egiten. Lehen Hezkuntzan Anita Parker euskal musika taldearen Ikustezinak kantaren lanketarekin hasi ginen: abestiaren hitzak aztertu, bertan aipatzen diren emakumeak ezagutu, musikaz gozatu, 6. mailako bi ikaslek sortutako koreografia praktikatu, gaztetxoen klubeko Martxoaren 8ko marrazki lehiaketan parte hartu…

Mundu mailako eta Euskal Herriko emakume esanguratsu batzuk biltzen dituen erakusketa bisitatu dute Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek batzar-gelan.

Baina erreferenteak diren emakumeak aurkitzeko ez dugu oso urrun joan behar. Gure ikasleei beraientzat esanguratsuak diren emakumeak gelan kontatu dezatela eskatu diegunean, inguruko emakume ezagunen irudiekin bete zaigu harmailetako kristalera. Beraz, zorionak ikastolako ama, amama, izeko eta gure ikasleen inguruko emakume guztiei, beraientzako erreferente paregabeak zaretelako!

DBHko talde feministak mikromatxismoei buruzko erakusketa prestatu du, pixkanaka solairuz aldatzen joango dena. Erakusketa horretan biltzen den informazioak mikromatxismoak zer diren ulertzen eta horrelako jarrerak ekiditzen lagunduko digu. Gainera, talde honetako kideek martxoaren 8ko egunari puntu morea jarri zioten goizetik hasita.

Martxoaren 8an LHko ikasle eta irakasleek geletan landutako koreografia dantzatu genuen harmailetan (egin klik testuan dantza ikusteko), maila bakoitza bere espaziotik besteengandik banatuta baina modu kolektiboan. Parekidetasunaren bidean modu kolektiboan egingo baitugu aurrera, guztion lana ikusgarri eginez eta aitortuz, eta nola ez, elkar zainduz!

Izan daitezela egun guztiak martxoaren 8a!