Durangaldea Uztabarritzen bertso zirkuitua abian da, eta Durangotik igaroko da: “Eskualdeko herrietara bertso saio gozagarriak eraman gura ditugu”

Apirilagaz batera negu giroa heldu den arren, udaberri eta uzta berri usain eta kolorerik ere etorri da. Batez ere euskal kulturari dagokionez, Durangon eta Durangaldean bertso zirkuitua antolatu baitu Durangaldeko Bertso Eskolak. Durangok maiatzaren 8an izango du bere geltokia. Zirkuituak iaz izan zuen estreinako edizioa, hamaika saioz jositako zirkuitua burutuz. Aurten erdia baino gehiago izango dira (sei), baina zein baino zein erakargarriagoak. Bertso eskolako eta Kurutziaga ikastolako kidea den Ander Elorriaga durangarra elkarrizketatu dugu.

Zertan datza zirkuitua bera?

Zirkuitua apirila eta maiatza bitarte egingo den 6 saioko kultur-ekimena da, eskualdeko herri desberdinetan gozatu ahalko dena, zeintzuetan bai bertoko bai kanpoko bertsolariek parte hartuko duten.

Nondik atera zen zirkuitua antolatzeko ideia?

2020ko itxialdiaren ostean apenas zegoen saiorik, bazirudien birusak bertso mundua bera ere gaixotu zuela. Bertso eskolakook 2021erako zerbait egin behar genuela sentitzen genuen. Gainera, zorionez, bertso eskolak bazuen zirkuitu hori aurrera eramateko baliabiderik, eta apustua egiteko sasoi ona zela iriztu genuen.

Zer helburu ditu?

Helburu nagusia gure eskualdeko herrietara bertso saio gozagarriak eramatea da. Beste helburuetako bat, eskualdeko bertsolariei oholtza bat eskaintzea eta kanpoko bertsolariekin berau partekatzeko aukera ematea da.

Durangon iaz ere egon zen zirkuitua. Zelako harrera izan zuen?

Iaz birritan pasa zen zirkuitua Durangotik. Lehena zirkuituaren hasiera aldean, Sorgiñola gaztetxean izan zen; bigarrena zirkuituko azken saioa izan zen eta Musika Eskola ondoan dagoen Aurora Abasolo parkean egin genuen. Uste dut adibide garbiak direla, gure zirkuituak zer batzen duen ikusteko: gazte girora hurbildutako udaberriko bertso saioa, eta uda giroaz gozatzeko eta plaza zabal bateko bertso saioa. Plaza mota ugari batu genituen, eta aurten ere hori egin gura dugu.

Aurten gonbidatu bereziak egongo dira Durangoko saioan…

Ander Aldazabal zornotzarrak eta Iruri Altzerreka garaitarrak, punta-puntako bertsolariak diren Alaia Martin eta Uxue Alberdi izango dituzte kantu lagun. Ziur nago gozatuko duguna!

Zelan ikusten duzu Durangon eta, orokorrean, Durangaldean bertsolaritza? Badago gazte olderik?

Durangon eta Durangaldean badago bertso zaletasunik, baina bertsotan egitera saiatzeak beste pisu bat du nonbait, eta agian beldurra edo panikoa sor dezake.

Durangaldeko Bertso Eskolak esku zabalik hartzen ditu bat-batean egiteko animatzen diren horiek, probatu ezean ez da jakiten zerbait gustatzen zaizun ala ez, eta gu, behintzat, dakigun apurra erakusteko desiatzen gaude.

Bertso saioak

Apirilak 2, Zornotza

– Sustrai Colina
– Onintza Enbeita
– Igor Galarza
– Ander Sarriugarte
Gai-Jartzailea: Beñat Romero

Apirilak 9, Otxandio

– Ane Labaka
– Unai Iturriaga
– Irune Basagoiti
– Ander Elorriaga
Gai-jartzailea: Otxandioko Bertso Eskola

Apirilak 22, Elorrio

– Maialen Akizu
– Nerea Ibarzabal
– Bittor Altube
– Gorka Pagonabarraga
Gai-jartzailea: Ainhoa Urien

Apirilak 30, Iurreta

– Miren Amuriza
– Odei Barroso
– Txaber Altube
– Aitor Esteban
Gai-jartzailea: Maite Berriozabal

Maiatzak 8 Durango

– Alaia Martin
– Uxue Alberdi
– Ander Aldazabal
– Iruri Altzerreka
Gai-jartzailea: Itxaro Juaristi

Maiatzak 21, Garai

– Maialen Lujanbio
– Erika Lagoma
– Eneko Abasolo Abarkas
– Araitz Katarain
– Manex Agirre
Gai-jartzailea: Iruri Altzerreka