“Denontzat itzuli da kirola era berezi batean, bai entrenatzaileontzat bai haurrentzat”

Itzuli da kirola Kurutziagara. Badira aste batzuk entrenamentuekin hasi zirela, eta aste biren buruan partiduak ere itzuliko dira. Gure ikastolan urte luzeko ibilbidea du saskibaloiak, eta Josu Arzuaga entrenatzaileak ere egin du bide horren zati on bat. Umeekin zein gazteekin ari da saskibaloiaz duen jakituria guztia erakusten. Garazi Alberdi ere saskibaloian aritua da, eta Arzuagak baino urte gutxiago daraman arren entrenatzen, esperientziaren oinarritik entrenatzen ditu ikastolako umeak. Denboraldiaren hasieran egin dugu berba biekin.

Faltan bota duzue talde bat hartu eta taldeagaz lan egitea, lehiaketan aritzea…?

Josu Arzuaga: Bai, asko gainera. Batez ere, entrenatzaileon egunerokotasunean normaltasuna edukitzea botatzen genuen faltan.

Garazi Alberdi: Horrela da. Azken finean, errutina antzeko batean sartzen zara asteko entrenamenduen bitartez.

Kirola itzuli da, baina era berezian. Ez da erraza izango segurtasun protokoloak kudeatzea, delako ‘burbuilak’ osatzea…

G.A.: Denontzat itzuli da kirola era berezi batean, bai entrenatzaileontzat bai haurrentzat. Musukoak alde batetik, ‘burbuilak’ eratu beharra bestetik… Ez da erraza hau guztia kudeatzea, taldean denak baitira ezagunak beraien artean eta kosta egiten da, esaterako, taldea zati bitan banatu behar izatea, eta beraien arteko loturak nolabait haustea.

J.A.: Horrez gain, haur bat besteagaz kontaktuan jarriko duen kirola da saskibaloia, eta horrek segurtasuna mantentzea zailagoa bihur dezake. Esan gura dut, xakearen edo pilotaren eta saskibaloiaren artean badago aldea, kontaktuzko kirola da gurea.

Alberdi: Asteak aurrera joan ahala, sortzen den giroa polita da eta denon artean gustura egoten gara

Zer da garrantzitsuena eskola kirolean? Zein balore saiatzen zarete transmititzen?

J.A.: Norbere taldearekiko zein gainontzeko taldeekiko errespetua eta lankidetza jorratzen saiatzen naiz.

G.A.: Nire ustez, eskola kirolean garrantzitsuena ondo pasatzea da. Ume bakoitzak gustuko duen kirola aurkitzea da helburua, eta aukeratutako kirol hori errespetatua izatea ingurukoengandik, izan saskibaloia, futbola edo xakea.

Nola bizi duzue talde bategaz igarotzen duzuen zikloa?

J.A.: Talde berri bat hartzen dudan bakoitzean, gogo handiagaz hartzen dut beti, eta gogotsu ekiten diogu talde bakoitzaren zikloari. Nire kasuan, gutxi gorabehera hiru urteko zikloak osatzen ditut.

G.A.: Talde berri bategaz lanean hasten zarenean, lehenengo egunetan, urduritasuna agertzen da beti. Azken finean, talde berri bat duzu aurrean, eta gure artean ez gara ondo ezagutzen. Baina asteak aurrera joan ahala, sortzen den giroa polita da eta denon artean gustura egoten gara.

Arzuaga: Orain entrenamentuetan hasita badaude ere, azaroagaz batera itzuliko dira txapelketak

Umeek zelan hartu dute kirolaren itzulera?

J.A.: Bada, ilusioz eta gogotsu ikusi ditut umeak. Orain entrenamentuetan hasita badaude ere, azaroagaz batera itzuliko dira txapelketak. Gogoz gaude denok.

G.A.: Umeek izugarrizko poztasunagaz, motibazioagaz hartu dute kirolaren itzulera. Gustuko duten ekintza bat da eta asko disfrutatzen dute entrenamenduetan.

Denboraldiari zerbait eskatzekotan, zer eskatuko zeniokete?

G.A.: Itzulera arraroa izan arren, denboraldiari zerbait eskatzekotan, ahal den heinean eta modu osasuntsuan, guztiok entrenamentu zein partiduetaz gozatu ahal izatea eskatuko nioke.

J.A.: Dena normaltasun osoz joatea eskatzen diot denboraldiari.