Herriko merkatariekin dugun ekimena martxan jarriko dugu

Argazkia iazko deialdikoa da

Aurreko astean esan bezala, herriko merkatariekin dugun zozketa-ekimena bueltan dugu gurera. Iaz estreinatu ondotik, aurten ere herriko merkataritza bultzatzeko apustua egin dugu. Beraz,  Kurutziagak Gabonetako Loteriarekin izan duen ohitura etengo du, eta herrira begira jarriko da. Sariak, jakina, txikiagoak izango dira, baina ugariagoak eta gure ekarpena herrian bertan geratuko da.

Zergatik errepikatuko dugu ekimena?

  • Produktuak sarean erosten ditugun bitartean, gure herriko komertzio asko biziraupen egoeran dagoelako, eta lagundu behar diegulako.
  • Tokiko merkataritzak bizia ematen diolako herriari.
  • Kurutziaga Ikastolak, herriko beste eragile bat gehiago den neurrian, bat egiten duelako herriko merkatariek eskaintzen duten balore hauekin: gertutasuna, konfidantza, jasangarritasuna…
  • Jasotakoa bueltan eman behar dugulako: Urteetan hauetan guztietan jaso dugun erantzuna beti izan da ona eta eskuzabala (batez ere Ibilaldia antolatu izan dugunean). Bereziki sasoi honetan laguntzea dagokigu, ezin diogu geure buruari gutxiago eskatu.

Zelan izango den “Gabonetako Zozketa” hau

Kurutziaga Ikastolako hezkuntza komunitateak  20€ bideratuko ditu, buruko, ekimen honetara. Biltzen den diruaren erdia zozketara bideratuko da. Horrez gainera, Dendak Bai elkarteak beste kopuru bat jarriko du. Sariak bazkide diren establezimenduetan trukatzeko erosketa bonoak izango dira.

Txartelak azaroko fakturan kobratu ditugu. Emailez jasoko dituzue datorren astean eta zozketa abenduko Batzar Nagusian burutuko da.