Datorren asteko ezohiko Batzar Nagusiaz Kurutziagako presidentearekin

Datorren asteazkenean, ekainaren 13an, izango da Kurutziaga Ikastola Kooperatibaren ezohiko batzar nagusia. Kooperatibako kide diren familien aurrean 2017/18 ikasturtearen deskargua egiteko eguna izango da, “positiboki baloratzen den” ikasturte bati dagokiona.

Hasteko, argitu dezagun kontzeptu bat: ezohiko batzarra deitzen zaio ekainean egin ohi den batzar orokorrari. Zergatik?

Sinplea da azalpena. Kooperatiba garen neurrian, gure kontuak eta balantzeak urte naturalari dagozkionak dira. Baina, jakina, kooperatiba izateaz gainera, ikastetxe bat ere bagara, eta gure zikloa ikasturteari dagokiona da, irailetik ekainera bitartekoa. Horregatik egiten dugu ezohiko batzarra ekainean, eta ohikoa abenduan.

Artezkaritzako kide berrien hautaketa eta Zaintza Batzordeko kideena ageri dira gai ordenako hasierako puntuetan.

Artezkaritzako kideen hautaketari dagokionez, ohiko prozedura da. Ikasturtero artezkaritza kontseiluaren erdia berrizten da, beraz, hiru kide berri aukeratu beharko dira. Zaintza Batzordeari dagokionez, kooperatiba garen heinean derrigor osatu beharreko organoa da, ikastolaren jarduna zuzena dela bermatzen duena.

Edozelan ere, prozedurez harago, organo batean zein bestean familien parte-hartze zuzena da azpimarratu gurako genukeena.

“Oso garrantzitsua da familien parte-hartzea Kurutziagaren proiektuan, gure izatearen oinarrizko ezaugarria da.”

Aurtengo ikasturtean gurasoei luzatu zaien asebetetze inkestaren emaitzak ere aurkeztuko dituzue.

Halaxe da, bai. Ikastola osatzen dugun 680 familietatik 368en erantzunak jaso ditugu eta kopuru esanguratsua dela uste dugu. Datorren asteazkenean aurkeztuko dugu deskargua baina, zalantzarik barik, landu beharreko hainbat gairen bidea erakusten digute emaitzek.

Jarri gaitezen datorren ikasturtera begira. Zelan joan da aurtengo matrikulazioa?

Oso ondo. 3 urteko gelatik DBH1era eskaini ditzakegun plazak %100enean beteta ditugu, beraz, zorionez, alde horretatik lasai egoteko moduan gaude. Garaiotan hori esan ahal izatea ez da gutxi!

Datuak zehatzagoa ezagutu edo ekarpenak egin gura dituenak datorren asteazkenean izango du aukera.

Hori da. Eta azpimarratu gurako genuke oso garrantzitsua dela familien parte-hartzea Kurutziagaren proiektuan. Hainbat alditan esan dugun moduan, gure izatearen oinarrizko ezaugarria da. Eta arrazoia edozein dela ere etortzerik ez daukanari, botoa delegatzeko eskatuko nioke.

Astezkenean ikusiko dugu elkar!