Frantziako Hezkuntza ministroak eman du berria, sare sozialetan. Seaskak erabakia txalotu du
Urte luzeko borrokak eman du fruitua: Seaskako ikasleek euskaraz egin ahal izango dute aurten brebetaren zientzietako azterketa. Hala iragarri zuen atzo Vincent Bru Frantziako Asanbleako diputatuak, sare sozialen bitartez. Pap Ndiaye Hezkuntza ministroak hartutako erabakia txalotu zuen Bruk, eta adierazi euskara hutsean eskaintzen den hezkuntzari «aitortza justua» egitea dela. Heldu den ekainaren 26an eta 27an izango da brebeta azterketa, eta orduan egin ahalko dute Seaskako ikasleek zientzietako proba euskaraz.
Seaskak pozez jaso zuen albistea. «Azkenean lortu dugu! Aurten brebeta euskaraz izanen dugu!», idatzi zuen atzo sare sozialetan. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren esanetan, «izugarrizko garaipena» da, eta azken urteetan azterketak euskaraz egitearen alde egindako mobilizazio andanari esker lortu da. Hala ere, erabakiaren berri sare sozialen bidez jaso izana deitoratu zuen: «Onartezina da». Hurrengo erronka baxoa euskaraz egin ahal izatea izango dela erantsi zuen Jorajuriak. Hain justu ere, Seaskak biharko elkarretaratze batera deitu du Etxepare lizeoaren atarian, 13:30ean, Azterketak Euskaraz lelopean.
2017ra arte brebeta osoki euskaraz pasatzen zuten Seaskako ikasleek, eta baxoan bi ikasgairen azterketa euskaraz egiteko aukera zuten: Historia-Geografia eta Matematikak. Gaur egun, baina, brebetako zientzietako proba frantsesez egitera behartuta daude, eta baxoko azterketetan ez dago deus euskaraz. Izan ere, 2016an kolegioetako erreforma egin zuen Frantziako Gobernuak, eta zientzia arloko gaiak gehitu zituen brebetaren azterketara: Fisika-Kimika, Teknologia, eta Bizia eta Lur planetaren zientziak. Orduan sortu zen gatazka, horiek frantsesez egitera behartu baitzituzten ikasleak, nahiz eta euskaraz ikasi.
EEPko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak irailean bildu ziren Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin, Parisen. Brebetako zientzietako proba euskaraz egiteko aukera aipatu zuten, eta ministerioko ordezkariek esan zieten «arrazoizko epeetan» erantzunen zutela. Atzo arte, baina, isilik egon dira.
Bilera eta protestak
Hain justu ere, Hezkuntza Ministerioaren erantzunik eza salatzeko, joan den otsailean Seaskako hogei bat gurasok eta langilek ekintza bat egin zuten Bordeleko errektoretzan, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Sarrerako atera kateatu ziren batzuk, eta eraikinaren teilatura igo ziren beste batzuk protesta gisara.
Azken urteetan, baxoko eta brebetako azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, desobedientziaren bidea hartu dute ikasleek. 2021ean, esaterako, lizeoko ikasle batzuek baxoko proba euskaraz pasatzea erabaki zuten. Irakasleek bat egin zuten desobedientzia ekintzarekin, eta azterketak zuzentzeari uko egingo ziotela jakinarazi.