LH: Ekin diogu JUUL kanpainari!

Itzuli da, beste urte batez, Ikastolen Elkarteak martxan jarritako JUUL kanpaina Kurutziagara!

LHn, aurten, euskararen erabilera bultzatzeko lagun ezkutuaren kanpainagaz bat egin dugu. Lehenengo lagun ezkutua, euskal idazle ezaguna zela bagenekien. Joan zen astean, euskaraz arituz pistak lortzen joan eta nor den igarri genuen, ikastolako guraso ere baden euskal idazle ezaguna: Leire BIlbao. Aste honetan, bigarren lagun ezkutua nor den asmatzeko pistak biltzen gabiltza. Bariku arratsaldean ekitalditxo bategaz emango diogu amaiera kanpainari.

LH6ko ikasleek osatu dute JUUL hauteskunde mahaia eta JUUL kanpaina girotzeko kartelak jarri dituzte karrajoetatik, gainera bi liburu erraldoi jarri dituzte ikasleek beraien libururik gogokoenaren izenburuagaz, idazle baten izenagaz, ilustratzailearenagaz, edota irakurketagaz zerikusia duen edozer jaso dezaten. Tartean, lekuz kanpo egon zitezkeen idatziak agertu badira ere, orokorrean, ikasleek oso ondo erantzun dute eta beraien irakurzaletasuna partekatuz gozatzen dabiltza.

Geletan, irakurmetroak kolorez betetzen ari dira.

Kanpaina honi izena ematen dion JUUL ipuinari ere lekua egin diogu geletan. Gainera, barikuan ipuin kontalaria etorriko zaigu LH1-2-3 mailetara.

Hauteskundeen berri emango dizuegu datorren astean. Adi egon!