Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Durangon hasiko da, igandean: Juanjo Respaldizagaz egin dugu berba

Juanjo Respaldiza Ozaeta (Orozko, 1964) urte askoan dabil ikastolarik ikastola bertsoa lantzen eta ikasleekin duen esperientzia guztia elkarbanatzen. Bizkaiko Bertsolari Txapelketak Durangon ekingo dio ibilbideari, eta bertsozaletasuna pizteko aukera ederra izan daiteke ikastolako gazteentzat. Orozkoarragaz egin dugu berba.

Zenbat urte daramazu ikastolara etortzen? Zelako giro eta gogoa ikusi izan diezu ikasleei bertsolaritzarekiko?

Hogei urte gehi bat, uste dut direla. 21.a izango da ikasturte hau. Beti aurkitu dut giro ona eta jende jatorra Kurutziagan. Bertsolaritza oso onarpen handiko jarduera izan da ikastolan, eta gazte asko zaletu direla esango nuke, hemen izan ditudan ikasle batzuk gaur egun Durangaldeko Bertso Eskolan ari baitira bertsotan.

Bertsolaritza saioetan zer saiatzen zara trasmititzen ikasleei?

Bertsolaritza ematen dugu geletan, baina transmititu gura duguna bertsotik harago dago, gizarteko gai desberdinak, edo euskara bera esaterako. Ikasleei sarri esaten diet bertsoaren bitartez ikasten dutena dela garrantzitsuena.

Gogora dezagun, Unai Iturriaga edo Igor Elortza bezalako bertsolariak Jon Lopategiren laguntzagaz hasi zirela bertsotan, eta ikastolatik igarotakoak direla. Aurrerantzean ere egongo dira horrelakoak.

 

Ez da erraza izango COVID-19 egoeragaz behar bezala antolatzea…

Antolakuntza bera baino jarduera izan da gatxagoa, eta online egin genuenean baino gogorragoa izan zen azken ikasturte osoa musukoa jantzita egin beharra, bai niretzako eta bai ikasleentzako. Bertso eskoletan asko kantatzen dugu, noski, eta askotan bertsoak sortzean ikasleari entzuteko zailtasunak egon dira. Nekea pilatuz joan zen ikasturteak aurrera egin ahala eta azkenerako asko igarri zen musukoaz jardutearen ahalegin aparteko hori.

Aterako da ikastolako egungo belaunalditik bertsolaririk?

Bertsolaritzaren inguruan dabilen jende askok irten da Kurutziagatik orain artean. Gogora dezagun, Unai Iturriaga edo Igor Elortza bezalako bertsolariak Jon Lopategiren laguntzagaz hasi zirela bertsotan, eta ikastolatik igarotakoak direla. Aurrerantzean ere egongo dira horrelakoak. Guk bertsolaritza transmititzeko lan egiten dugu eta bertsoaren bitartez ikasleen jantzi kulturala apur bat osatzeko; gero bakoitzak aukeratuko du bide horretan jarraitu ala ez, eta bertsoak ze leku hartuko duen bere bizitzan. Batzuek bertsoak egin nahi izango dituzte, besteek entzun eta beste batzuk bertsolaritzako beste zeregin batzuetan ibiliko dira egunen baten.

Bizkaiko Txapelketa badator, ikasleek hitz egiten dute horren inguruan? Durangon saio bat izateak laguntzen du bertsozaletasuna sortzen?

Ikasle batzuk familian-eta jasotzen dute txapelketaren berri, gurasoak zaleak direlako, adibidez; jakiten dute badatorrela, asteburuko saioan bertso bereziren bat kantatu bada eta abar. Guk ere txapelketak duen erakarpen indar hori gelara eroaten dugu saioetako bertsoak erakutsiz, bertsolarien izenak ezagutaraziz, faseen berri emanez…

Herrian saioa izateak dena hurragotik bizitzea dakar. Batzuen gurasoak saiora joango dira, komentatuko dute etxean, eta hori baliatu egiten dugu gelan ere bertsolaritza gozagarriago egiteko.

 

Durangoko saioaren informazio osoa esteka honetan klikatuta: AGENDA

Saioarako sarrerak erosteko, bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri.