Auzolanaren garrantziaz, hiru gurasogaz: “Ikastola geu garela hobeto konturatzeko eta gure gazteei elkarlanaren balioa sustatzeko balio du”

Pablo Zubizarreta

Pablo Zubizarreta

Iker Uribe

Iker Uribe

Lorea Jaio

Lorea Jaio

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Duela aste bi ikastolan auzolana burutu genuen. Irakasle eta guraso talde bat elkartu eta gure ikastolako mantenu zein zaintza lanak egin zituzten, beharrezkoa den auzolana sustatuz eta hurrengo aldi baterako hasierako alea lagata. Taldean jarduten aritu ziren hiru dira Lorea Jaio, Iker Uribe eta Pablo Zubizarreta gurasoak. Auzolanak duen garrantzia nabarmendu dute hirurek.

Zer giro izan zenuten gurasoon artean auzolan egunean?

Iker Uribe: Giro oso ona izan genuen. Etxeko edo familiarteko gertutasuna nabaritzen zen. Niretzat batzuk aurretik ezagunak ziren eta beste batzuk ordea ezagutzeko aukera izan nuen; bai guraso, irakasle, mantenu arduraduna, ikasleak…

Lanak nola egin antolatzeko, auzolanerako galdetegia bete nuen, jarraian WhatsApp talde batean sartu ninduten informazioa helaraziz eta egin behar ziren hobekuntzen berri eman ziguten. Beraz antolaketa bikaina izan genuen hasiera-hasieratik, lanak banatu eta elkar laguntzeko gogoa agerian zen, gainera askari eta hamaiketako goxo-goxoa prestatu ziguten.

Pablo Zubizarreta: Giro onean egin genituen lanak, bai, taldeka banatu ginen eta entretenigarria egin zitzaigun lana.

Lorea Jaio: Gogotsu geunden egin beharrekoak egiteko, nahiz eta eskarmentu handirik ez izan horrelako lanetan. Erraz eta inongo zailtasunik barik egin genuen lana.

Zenbateraino da garrantzitsua auzolana? Zer ematen dio ikastolari?

P.Z.: Uste dut garrantzia galdu duela aspaldian ta berreskuratu beharko lukeela. Ikastolaren sorreran eta lehen urteetan lan pila bat egin zen auzolanean, eta gaur egun ez genuke ikastolarik izango geure gurasoek orduan egin zuten lanik barik.

I.U.: Nire kasuan, auzolana, txikitatik bizi izan dudan bizipena izan da, baita nire ingurukoentzat ere. Baserri girokoa izanik, beti auzolanean ibili izan naiz baserri batetik bestera, denon artean familia handi bat osatuz. Auzolanari esker, ikastolak hainbat txoko hobetzeko aukera du. Komunitate bateratu baten laguntzaz, harreman berriak sustatuz, ikastolan parte hartze hurbil bat bizi eta denona den ikastola ilusioz eta goxotasunez mantenduz.

L.J.: Etxe batean beti egitekoren bat badago, are gehiago ikastola bezalako hain etxe handi batean. Auzolanaren bitartez ikastola txukun mantentzen dugu.

Auzolanak ikastolari ez ezik, gurasoei ere ematen die? Zein balore sustatzen ditu?

I.U.: Gurasooi ere ekarpen abersagarria egiten digu auzolanak noski, gure umeen etxea den ikastolak eskaintza egoki bat bermatu dezan. Gainera harreman sarea sendotzeko aukera paregabea da non egunerokotasunean lagungarria den. Baloreen artean, elkarlana, errespetua, konpromezua, jakintza… Adin aniztasunean, guztion artean, ikastola hobetzeko lanak egin ditugu ikastola komunitateko kide ezberdinak eta hori oso onuragarria dela pentsatzen dut.

P.Z.: Nik uste dut ikastola geu garela hobeto konturatzeko eta gure gazteei elkarlanaren balioa sustatzeko balio duela.

L.J.: Hori da, gure arteko harremanak sustatzen dira eta gurea denaren sentipena sendotu.

Aurrerago egingo bada, animatuko zarete? Beste guraso batzuei ere gomendatuko zeniekete?

L.J.: Bai, noski! Ordu gutxi batzuk baino ez dira eta lagun askoren artean lan ugari ateratzen da aurrera. Lan horren emaitzak familia guztiak disfrutatuko ditugu.

I.U.: Dudarik barik animatuko nintzateke, beste noizbait egin dudan bezala eta jakina, beste gurasoei ere gomendatuko nieke. Denok apur bat eginez, gauza asko egin daitezkeelako. Eta jai giroan bada, hobe!

P.Z.: Ni ere animatuko naiz, eta saiatuko gara beste guraso batzuk animatzen.