Laura Biritxinaga: “Odol transfusioek biziak salbatzen dituzte eta bizi kalitatea hobetzen dute kasu guztietan”

Odola emateak duen garrantziaz ohartarazi du Osakidetzak. Izan ere, odol erreserbak baxu daude talde guztietan. Laura Biritxinaga Kurutziagako gurasoa Osakidetzako Transfusio eta Giza ehunen Euskal Zentroko Kudeaketa Klinikoaren unitateburua da. Bizi dugun egoeraren inguruko hausnarketa egiteaz gain, ikastolako komunitatea ekarpena egitera animatu du.

Osakidetzak odola emateko eskatu die herritarrei. Gai hau barru-barrutik ezagutzen duzu. Momentu honetan zein da egoera?
Aurreko urteetan bezala, aurten ere egoera larrian gaude Gabonetako oporren ostean. Sasoi honetan ohiko emaile asko oporretan egoten da eta abenduan jende askok bidaiatu egiten du; beraz, donazioak jaitsi egiten dira. Gainera, aurten beste bi faktore batu dira, egoera larritu dutenak. Alde batetik, gripeak oso goiz jo du goia eta azaroa ere ez da hile ona izan. Gogorarazi behar da gripeak edo arnas birus batek infektatuz gero, 15 egun itxaron behar direla odola berriro eman ahal izateko, edo guztiz osatu arte. Bestalde, aurten Gabonetako jaiegunak aste bitartean izan dira eta horrek odola biltzeko egunak gutxitu ditu hamabostaldi horretan.

Zergatik da horren garrantzitsua odola ematea?
Odola berez ezin da fabrikatu. Momentu honetan odola eta bertatik irteten diren odol osagaiak lortzeko daukagun modu bakarra odol emateak dira. Euskal Herrian 400 donazio inguru behar dira egunero, aktibitate guztia mantendu ahal izateko. Gainera, odolaren osagai batzuek iraungi data laburragoak dituzte besteek baino, eta haien beharra etengabea da urte osoan zehar.

Baldintza batzuk bete behar dira odola emateko. Zeintzuk dira?
Baldintza orokorrak 50 kilo baino gehiago pisatzea, 18-65 urte bitarteko adina izatea eta osasuntsu egotea dira. Gero, galdetegian gauza zehatzagoak galdetzen dira.

Durangon eta Durangaldean zelan eman dezakegu odola?
Durangon odola emateko puntu finko bat daukagu orain dela urte askotatik, ostegun guztietan, arratsaldez 16:30etik 20:45era anbulatorio zaharrean, Herriko Gudarien kalean. Durangaldeko beste herrietara autobusarekin joaten gara. Euskadiko Odol Emaileek web orri honetan egunak eta tokiak kontsultatu daitezke.

Zer esango zenieke Kurutziagako komunitateko kideei odol emaile izatera animatu daitezen?
Transfusioek biziak salbatzen dituztela eta bizi kalitatea hobetzen dutela kasu guztietan. 2025ean 80.000 odol osagai baino gehiagoren transfusioak egin ziren Euskal Herrian. Oso esfortzu txiki batekin, donazio batekin, hiru pertsonari lagundu ahal izango diegu. Gaur egun bizi garen mundu honetan, odola jasotzeko modu bakarra borondatezko eta ordaindu gabeko dohaintza da, eta horrela izaten jarritzeko garrantzitsua da ahal duten herritar guztiek ekarpena egitea.