La Cuadri del Hospik Gu be zuek gara Durango 2024 ekimena antolatu du Durangoko hainbat elkarte eta eragilerekin batera maiatzaren 12rako. Kurutziaga ikastolak ere deialdiarekin bat egin du. Ainara Uribarri Artezkaritzako kidea antolakuntza taldean parte hartzen ari da ikastolaren ordezkari legez.
Zein ekimen antolatu gura du La Cuadri del Hospik maiatzaren 12rako?
Egun osoko egitaraua antolatzen gabiltza. Lehenik eta behin, kalejira egingo dugu Nevers paretik abiatuta. Ibilbide horretan hainbat ikastetxek parte hartuko dute, tartean Kurutziaga ikastolak. Kalejira hori Landako Gunean amaituko da. Behin helmugara helduta, eragileek urre koloreko globoak eramango dituzte eta elkarteko kideekin taula gainera igoko dira eskerrak ematera. Ondoren, tailerrak eta beste ekintza batzuk antolatzeko asmoa dago.
Bestalde, ekimen hau egiteko boluntario asko behar ditugu. Hainbat ekintza egongo direlako. Umeen tailerrak ere egin gura ditugu eta baita txosnak ipini ere, edariena eta jatekoarena.
Kamisetak salgai jarriko dira.
Kamiseta urdinak egin ditugu. Herri guztia kamiseta urdinarekin ikustea da asmoa, minbiziaren aurrean batasuna ikusarazteko. Era berean, beste helburuetako bat dirua batzea da haurren minbiziaren inguruan ikertzeko. Kamisetak 6 euroan salduko ditugu ikastolaren bidez.
Herri guztia kamiseta urdinarekin ikustea da asmoa, minbiziaren aurrean batasuna ikusarazteko
Kamiseta erosi gura duenak zer egin behar du?
Kurutziagan kamiseten eskaerak egiteko mahaia jarriko dugu. Mahai hori zein egunetan ipiniko dugun zehazten dugunean buletin honen bidez familia guztiei jakinaraziko diegu. Aurrerago emango dugu informazio gehiago. Kurutziagako komunitate guztia La Cuadri del Hospiren ekimenarekin bat egitera gonbidatzen dugu.
Zeintzuk dira La Cuadri del Hospiren helburuak?
Haur onkologikoen eta haien familien irudia eta bizitza normalizatzen laguntzea. Jarduerak antolatzen dituzte haur onkologikoen eguneroko bizitza errazteko. Ikerkuntzarako diru bilketak ere egiten dituzte, eta testuinguru horretan kokatzen da maiatzaren 12ko ekimena. Bestalde, gizartea kontzientziatzen saiatzen ari dira hezur-muinaren donazioa zein garrantzitsua den ezagutarazteko.