Inauteriak: Momotxorroetatik Surrandietara, Durangotik mundura

Neguan jai ugari izaten ditugu Euskal Herrian eta munduan. Aurreko astean Santa Ageda izan genuen asteko jai nagusia, Kurutziagako kideak ere kalera atera ginen ospatzera. Datorren astean, ostera, inauterien txanda izango da. Neguko jai askoren antzera, historian zehar kontakizun eta ideologia askotatik igarotakoak dira inauteriak.

Eragin zuzena du, hain zuzen ere, kristautasunak. Izan ere, inauterien ospakizun egunak kristau egutegitik dira eratorriak. Urtetik urtera aldatzen doazen egunak dira, kristau liturgia-egutegiko Garizuma eta Pazkoa kristau ospakizunak erreferentzia legez hartzen baitira.

Halere, garai paganotik ere lorratzik badute oraindik aratusteek. Bide batez, “aratuste” berba ere kristautasunetik dator, “haragia uztea” esan gura du; baraua eta beste zenbait gabetze dakartzan Garizumaren aurretik ospatzen baitira. Baina, Euskal Herrian ikusi ditzakegu munduko beste mozorro batzuekin antzekotasunak dituzten mozorroak. Begira:

Zein da Euskal Herrikoa?

 

 

 

 

 

 

 

 

Beharbada gehienok asmatuko zenuten. Bai, eskumakoa da Euskal Herriko irudia, Altsasukoa hain zuzen. Baina ezkerrekoa badakizue nongoa den? Bulgariakoa. Euskal Herriko inauterietako momotxorroekin duten antzekotasunak antzinako jatorri pagano komuna iradokitzen du.

Euskal Herrian zaratagaz lurra esnatzeko deia zegoela uste izan da eta horregatik ereite jai batekin harremandu da inauteria askotan. Horren adibideak ikusi ahal dira Sakanako inauterietan: Olaztin simaurra botatzen da gurdi batetik eta Altsasuko momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Ituren eta Zubietan, berriz, joaldunak ateratzen dira, zarata eginez, erritmo jakin bati jarraiki.

Gurean, berriz, surrandiak ditugu. Duela 130 urteko tradizio bat berreskuratzen hasi ziren hainbat herritar, doinuak eta letrak erantsiz. Iaz Jaione Fernandez de Retanagaz berba egin genuen Durangon dagoen ohitura zahar horri buruz. Irakurri elkarrizketa HEMEN.

Goza dezagun inauteriez eta sortzen duten magiaz!