Jaione Fernandez de Retana, Kriskitin Dantza Taldeko kidea: “Sorpresa handia hartu genuen erantzunagaz, surrandiak egiteko materiala agortu zitzaigun”

 

Apurka bada ere, pandemia aurreko ospakizunak itzultzen hasi dira. Hain zuzen ere, Euskal Herrian kuttuna den jaietako bat dugu ate joka: inauteriak. Iturenen, Zubietan, Zuberoa osoan, Tolosan… tradizioa oso errotuta dago. Baina Durangon ez gara atzean geratzen, gure protagonistak ere baditugulako: Surrandiak. Duela 130 urteko tradizio bat berreskuratzen hasi ziren hainbat herritar, doinuak eta letrak erantsiz. Egun, Kriskitin Dantza Taldeak, Jaizale Txistulari taldea eta Tabira Musika Banda bidelagun, kalejira egiten du. Aurten bueltan dira, eta aurreko asteburuan zein zapatu honetan surrandiak egiteko tailerrak antolatu ditu. Kriskitineko kide eta ikastolako guraso den Jaione Fernandez de Retana Arrasatek nabarmendu du jendeak “oso ondo” erantzun duela.

Zelan doaz asteburuetako tailerrak?

Sorpresa handia hartu genuen herritarren erantzunagaz, surrandiak egiteko materiala agortu zitzaigun. Jende asko agertu zen materialaren bila, eta familia asko Landakoko parkean jarri ziren maskarak egiten. Pentsatzen genuen apurka-apurka agertuko zela jendea. Baina 17:00etan ilarak zeuden Landako Gunean, denak zetozen kit-aren bila. 150 kit inguru geneuzkan prest eta dena banatu genuen ordu erdian. Taldeko batzuk farmaziara joan behar izan ziren material bila, baina han ere materialak agortu ziren.

Aurreko asteburuan surrandiak egiteko materiala banatu eta forma eman genion bakoitzaren maskarari. Aste honetan, berriz, amaitu ez zuenak amaitzeko aukera izango du; horrez gain, margotu egingo ditugu gure surrandiak, bakoitzak eman gura dion estiloagaz.

Bidio bat ere egin duzue azalduz zelan egin surrandiak.

Aurten pentsatzen jarri ginen taldeko batzuk, zelan egin eta zelan antolatu zehazteko. Ideia batzuen artean atera zen tutorial bat egitearena [EGIN KLIK IKUSTEKO], familiei zelan egin erakusteko asmoz.

Durangarrak inauteriak heltzeko bereziki gogotsu daudenaren seinale da?

22 urte daramatzagu tailer hauek antolatzen, eta egia da urte eta jende kopuru gorabeheratsuak izan ditugula urterik urtera. Data bereziak dira, jendea oporretara ere badoa… eta horrek dakar urte batzuetan jende gutxiago joatea, eta beste batzuetan gehiago. Halere, badirudi urteak igaro ahala jende gehiago hurbiltzen ari dela, eta parte hartzeko gogoz dagoela.

Nondik dator tradizioa?

Duela 130 urte jaso zen lehen aldiz Surrandien inguruko idatzi bat, orduko Ertzilla alkateak idatzitakoa. Gerra Zibilaren aurreko urteetan jasota dagoenaren arabera, Astearte arratsaldez irteten ziren, martitzen karnabal legez ezaguna Durangon, eta kaleetan zehar umeak eta emakumeak beldurtzen ibiltzen ziren. Horrela zioen eurei buruz egindako azalpen batek:

<<Vedlos: allá van corriendo por todas las calles, albarcas en los pies y calzón corto de pastor; los faldones de la camisa al aire y un collar de arranes (cencerros de buey) a la cintura, y en la cara una careta de disforme y descomunal nariz (…) con un chaleco viejo que a modo de tralla agitan en sus diestras, van azotando a toda persona con quien tropiezan; y corren, corren como demonios sin cuidarse que pisan precisamente en todos los charcos de la calle y salpican horriblemente a todos…>>

Kurutziagak lotura handia du surrandien tradizioagaz.

Ikastolan, esaterako, ohitura horren berri dugu duela urte askotatik. 1970eko hamarkadan Jose Jabier Abasolo “Tiliño” surrandien inguruko datuak batzen hasi zen, garai bateko bandoak eta abarrak, eta 1978an ikastolako irakasle izan zen Andoni Barreña ikasleekin atera zen kalera, surrandiz jantzita. Gaur egun ere, Lehen Hezkuntzako 3. mailan surrandiak egiten dira. Lotura horrek laguntzen du tradizioagaz jarraitzen.

“Guri erakutsi zigutenei zor diegu datorren belaunaldiari, gure seme-alabei, ohitura hau erakustea”

Berezia al da Durangok eta Kriskitinek inauteriekin duten lotura?

Euskal Herriko inauteriak hori dira, “maskara janzten dut, eta ez dakizu nor naizen” jolasa. Animaliekin ere lotura handia dago eta gu hortik gatoz. Umeei txiki-txikitatik erakutsi eta sustatu behar zaien ohitura eta jaia da. Guri erakutsi zigutenek jarraitzen dute, beraiek barik ez ditugu ulertzen kalejira, dantzak eta surrandien jaia. Beraiei zor diegu datorren belaunaldiari, gure seme-alabei, ohitura hau erakustea.

Urte bi dira azken inauterietatik. Gogorra izan al da geldialdia?

Pandemiaren erruz gelditzea kolpea izan zen batzuentzat, batez ere sorreratik dabilen jendearentzat. Talde arima hori apaldu egin zaie beharbada egoerak hala behartuta. Gainera urte zaila izan da guretzat, surrandien bultzatzaileetako bat izan zen Abel Iriondo zendu baitzen udan eta kolpe gogorra izan zen. Faltan botatzen dugu.

Aurrekoen aldean, bestelakoa izango da aurtengo kalejira?

Ez genekien zelan helduko ginen inauterien inguruko datetara, zein segurtasun neurri hartu beharko genituen. Baina badirudi egoera hobera doala eta hori guretzat ere poztekoa da, beti bizi izan dugun kalejiratik gertuago egongo den kalejira espero dugu. Guk arau batzuk emango ditugu, beti legez, kalejiran hasi baino lehen, eta tentuz jokatuko dugu. Hortik aurrera, goza dezagun.

Eguna iristeko gogoz?

Euskaldunak kultura gara. Gure kultura barruan duguna da. Kriskitinekoontzat barruan dugun distira hori berpiztea izango da, eta horrek norbera ez ezik ingurukoak ere eragiten ditu. Garai desberdinak dira, baina euskaldunok beti jakin dugu egokitzen eta aurrera egiten. Modernizatuz, baina sustraiak ahaztu barik. Uste dut aurten hori erakutsiko dugula.