Urko Rodriguez: “Kanpo-espazioan hainbat lan burutzeko auzolanerako deialdia egin dugu”

Herritik sortu, herriari emoteko… Ikastolen mugimendua jende askok herri askotan borondatez egindako lanari esker sortu zen, guraso eta herritar euskaltzale askoren borondatezko lanari esker. Horrela sortu zen baita ere Kurutziaga Ikastola 60ko hamarkadan, hainbat herritar euskaltzalek burututako auzolanaren bidez.

Auzolanak eraiki du gure ikastola, ikastola osatzen dugun komunitate osoaren parte hartzea izan duen auzolanak. Familiak, langileak eta ikasleak batu eta lankidetzan arituz gure etxea eraikiz joan gara urte hauetan guztietan.

Auzolana gure arbasoek emandako ondarea da, taldean eta elkarri lagunduz egiten den lana. Indibidualismora gero eta gehiago garamatzan gizarte honetan, balio hau berreskuratzeko momentua da, komunitatearen garrantzia azpimarratuz eta elkartasunean arituz.

Aspaldian, gure ikastolan auzolana deitu ez badugu ere, gure historian asko izan dira auzolanean egin ditugun lanak: gelak margotu, altzariak eraiki, era guztietako konponketak, jaiak, ibilaldiak… Oraingo honetan, gure ikastola hainbeste aberastu duen kanpo-espazioan hainbat lan burutzeko auzolanerako deialdia egin dugu, eta lan-sistema hau berreskuratzeko lehen aletxoa izatea gurako genuke.

Familia eta langileei dei berezia egin gura diegu ahalegintxoa egin eta egun bateko edo besteko auzolanean parte hartu dezagun! Anima zaitez!

AUZOLANEAN IZENA EMATEKO GALDETEGIA