Haurren aurrean, helduak heldu: “Ekimena oso interesgarria da; umeen inguruan antolatu arren, gurasoengan dago fokoa”

“Haurren aurrean, helduok heldu” dinamika martxan jarri zen azaroaren 22an, abenduaren 5era bitarte lanean jarduteko asmoz. Helburua da, gurasoek beraien arteko komunikazioa euskaraz egitea sustatzea. Eta horretarako bidean laguntzen ari dira haurren aisialdi espazioak eta izena eman dutenek soinean daramaten lepokoak. Dinamikan parte hartzen ari dira Laura Biritxinaga, Ainara Uribarri eta Hiart Ormaza gurasoak, eta ekimenaren helburua eta asmoa “oso ona” bada ere, uste dute Euskal Herri mailan ez duela “behar beste ikusgarritasun lortu”. Hirurekin egin dugu berba ekimenari buruz eta 10 egunen buruan atera duten ondorioen inguruan.

Ikastolan zenbat guraso ari zarete parte hartzen dinamikan?

40 bat txartel geneuzkan banatzeko, eta arin batean agortu ziren denak. Halere, amaitu ostean etorri zen guraso bat baino gehiago galdetuz ea bagenuen txartelik oraindik. Alde horretatik, labur geratu ginen.

Aldaketarik somatu duzue zuen egunerokotasunean?

Egia da kasuren batean gertatu dela etxeko txikiak guk gazteleraz berba egiten genuen unean salto egitea eta gazteleraz ari garela esatea. Alde horretatik, umeak erne jarri dira. Beste alde batetik, gure inguruan euskara ulertu baina berba egiten ez dutenegaz jarrera aldatzea ere ekarri du, eta euskarazko pausoa ematen lagundu.

Baina gure kasuan, hirurok nahiko giro euskaldunean ibiltzen gara eta zaila da desberdintasun handirik somatzea. Gainera hainbat korronteren aurka egin behar izan dugu…

“Uste dugu dinamika honek Euskal Herria mailan ez duela behar beste irisgarritasun eduki”

Esaterako?

Hasteko, eguraldiak berak ez digu lagundu. Euria besterik ez du egin, eta horrek zer dakar? Bada, gurasoek seme-alabak hartu eta etxera joatea ikastolatik zuzenean. Horrek suposatzen du gurasook ez garela elkartzen ohikoa bezain beste jolas parkean edo herrian.

Horrez gain, uste dugu dinamika honek Euskal Herria mailan ez duela behar beste irisgarritasun eduki.

Non somatu duzue hori? Parte hartzen ari ez direnen interesean?

Lanean galdetu izan digute ea zer zen gainean daramagun lepokoa, eta guk azaldu behar izan diegu. Komunikabideetan ez du tokirik izan, ikastolan bertan 40 txartel banatu ziren, baina bertatik kanpo ere ez genuen inor ikusi lepokoagaz, beste herri bateko lagun batek dinamikaren berri eduki bai baina non lortu ez… Eragozpen bat baino gehiago, finean.

Pena da, ekimena interesgarria baita.

Horrela da, ekimena oso interesgarria da; umeen inguruan antolatu arren, gurasoengan dago fokoa. Gurasoak dira umeekin euskaraz berba egin eta bizkarra eman eta berehala gazteleraz ari direnak.

Errepikatzeko modukoa iruditzen zaizue, beraz?

Atseden bat eskatzen du ekimenak, behin eginda uste dut epe ertain-luzera izan duen eragina zein izan den ikustea komeni dela. Baina beste saiakera bat egin beharko litzateke, agian eguraldia lagun izango dugun sasoi batean. Eta marketing aldetik, lan hobe bat ere bai.