Bilboko Euskalduna Jauregian izango da ekitaldia, azaroaren 27an (larunbata), eta ikastolen jaietan bezala, Bizkaiko ikastolen presentzia ezinbestekoa izango da. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga umoregileak izango dira jaialdiko aurkezleak, eta Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatza, Julen Alonso, Amak taldea eta Eñaut Elorrieta arituko dira abesten. Sarrerak Euskaldunako web orrian daude eskuragarri (testuari lotuta).
Euskal Herriko ikastolek formatu honetan egingo duten bigarren jaialdia izango da aurtengoa. Euskararen eta euskal kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak ere badira. Aurten, iaz bezala, ezin izan dira egin ohiko formatuan, eta ikastolok ez dugu hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea ere. Horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dugu azaroaren 27ko jaialdian erakusteko. Animatu ikastolen jaira!