Hiruhileko honetarako garatu dugun eta urriaren 6tik aurrera martxan dagoen azken ekimenaren berri eman nahi dizugu.
Ausolan Fundazioak eta Ausolanek, Basque Culinary Center-ekin lankidetzan, Sukaldean Sortzaile ekimenaren beste edizio bat jarri dute abian Euskal Herriko eta Nafarroako ikastetxeetan. Helburua da gastronomiak gure kulturan duen garrantzia sustatzea eta gazteak gonbidatzea beren aitona-amonen plater klasikoetan oinarritutako errezeta osasungarriak egitera.
Sukaldean Sortzaile ekimena (sortzaile gazteak sutegi artean) lehen hiruhilekoan egingo da, eta 12 eta 17 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago; alegia, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta batxilergoko 2. mailara artekoei.
Lehiaketa honen helburua da ekimena piztea, gure gastronomia, sormena, berrikuntza eta gure gazteek egiten duten talde lana hobeto ezagutzea, eta, gainera, erronka honen bidez belaunaldien arteko loturak ezartzea, familiak, oro har, eta aitona-amonak, bereziki, partaide eginez.
Lehiaketaren nondik norakoak
Lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 6tik azaroaren 12ra arte egongo da zabalik, Sukaldean Sortzaile webgunearen bidez.
Ikastetxeek aukera izango dute beren taldeak sortzeko —gutxienez adin bereko hiru kidekoak— aitona-amonen errezeta bat sortu eta berridazteko eta bideo bat grabatzeko, honako hauek azalduz: errezetaren jatorria, zergatik hautatu duten, zer urrats egin behar dituzten eta zer tresna erabili dituzten. Gainera, platera erabat bukatuta aurkeztu beharko dute.
Behin izena emateko epea amaituta, lehiaketako bideorik onenak hautatzeko lau fase egongo dira:
- 1. fasea.- Publikoaren balorazioa, YouTube kanalaren bidez. Ikastetxe bakoitzeko bideo bakarra pasako da hurrengo fasera –jasotako “atsegin dut” kopurua kontuan hartuta–, bai eta bisita gehien izan dituen bideoa ere.
- 2. fasea.- Ikastetxeen balorazioa. Beren eskualdeko bideo bat bozkatuko dute, zeina hurrengo fasera igaroko den. Ezin izango dute beren ikastetxearena bozkatu.
- 3. fasea.- BCC Culinary Club eta Ausolaneko adituen batzorde batek aukeratuko ditu finalistak, probintziaren arabera.
- Azken fasea.- Finalistak lehiaketaren azken galara joango dira, Basque Culinary Centerren, eta han izendatuko dituzte txapeldunak.
Final handia abenduaren 10ean izango da, Basque Culinary Centerren egoitzan.
Ekimen hau Ausolan Fundazioaren “Gozatu osasuna” proiektuaren baitan ere sartzen da. Proiektu horrek Nazio Batuen Osasun eta Ongizateko Garapen Iraunkorreko 3. helburua lantzen du. Ekimenaren xedea da, hain zuzen, txiki-txikitatik erakustea zer-nolako garrantzia duen menu askotarikoak eta orekatuak diseinatzeak, tokiko osagai eta produktuen aukeraketa eginda, nola platerak hala lan egiteko modua ingurumenarekiko iraunkorrak izan daitezen.