“Klima larrialdian murgilduta gaude, eta edozein ekarpen garrantzitsua izango da”

Lurrak dituen baliabide eta energia guztiak behar baino azkarrago agortzen ari gara gizakiok, hainbat ikerketek azaldu izan duten bezala. Horregatik azken urteotan mugimendu ekologista gero eta barneratuago dugu, eta gure egunerokotasunean kontzienziatzen hasi gara apurka. Igor Notario eta Eukeni Bastida Kurutziagako gurasoak dira horren adibide. Energia berriztagarriak kontsumitzeko apustua egin zuten, eta ikastolan horren berri eman ondoren, apustu hori gure azpiegituretan egiteko aukera zabaldu zen.

Zein instalazio mota duzue etxean? Eta sistema berriztagarriak zertan aplikatzen dituzue?

Igor Notario: Etxean dugun instalazioa ura berotzekoa da, ur beroa sortzen dugu berogailurako eta ur sanitarioa edukitzeko. Ez dugu gas-naturalik, ez eta propano edo butano bonbonarik erabiltzen. Pellets galdara bat daukagu garairik hotzenetan ura berotzeko. Galdarari laguntzeko eguzki plaka termiko bi ditugu, eta neguan beheko sua pizten dugunean berorren beroak sistemako ura ere berotzen du.

Eukeni Bastida: Gure etxean bi instalazio dauzkagu. Bata, Igorrena bezala, ura berotzeko erabiltzen dugu, eta bestea autokontsumorako argindarra sortzeko. Momentuan sortzen den energia erabiltzen dugu, falta zaiguna saretik konsumitzen dugu edozein etxetan legez; eta soberakinak izanez gero, konpainia elektrikoak soberakin hori deskontatzen digu fakturatik.

 

Zeintzuk dira energia horiek erabiltzearen onurak?

E.B.: Zero kilometroko energia erabiltzea garrantzitsua da. Ekonomikoki abantaila ere bai. Epe ertain batean amortizatzen diren instalazioak dira. Eguzkiak berotutako uragaz urteko zazpi hilabetetako beharrak asetzen ditugu. Kotxe elektrikoa ere badugu. Zerutik jausitako energiagaz kotxez egiten ditugun kilometroen zati bat egiten dugu modu garbi batean.

I.N.: Pellets galdara erabiltzeak, alde batetik, %40ko aurrezpena dakar, gasaren erabilpenagaz alderatuta. Bestetik, lasaitua eman digu, bai energia garbiagoak erabiltzeagatik eta klima aldaketan onerako egiten ari garen zerbaitetan aritzeagatik; baita gas sistema erabili behar ez izateagatik ere, segurtasuari dagokionez.

Notario: Energia guk sortuko genuke. Ikastola Goienerreko bazkide izanda berton bertokoarekiko jarraipena izango genuke eta gainera ekonomikoki ere oso positiboa izango litzateke

Bastida: Zenbat eta ikuspuntu gehiago bildu gurasoon artean, guretzat eta ikastolarentzat hobe

Zelan eman zenioten ikastolari energia jasangarrien berri? Zelakoa izan zen bi aldeen arteko komunikazioa?

I.N.: Guk betidanik izan dugu naturaren eta klimaren aldeko sentsibilizazio hori. Ikusi genuen ikastolak pausotxo batzuk aurrera ematen zituela, adibidez hamarretakoa eramateko tuperrak erabiltzea, telazko boltsak, LED sistemako argiztapena, jantokiko janari organikoekin konposta egitea… Hori ikusita, pentsatu nuen Urko zuzendariarengana joatea. Planteatu gura nion ea posible izango litzatekeen energia berriztagarriak erabiltzea, adibidez eguzki plakak jarriz ikastolak dituen teilatu zabaletan. Energia guk sortuko genuke eta ikastola Goienerreko bazkide izanda, berton bertokoarekiko jarraipena izango genuke. Gainera, ekonomikoki ere oso positiboa izango litzateke.

E.B.: Nik ere zuzenean jo nuen zuzendariarengana. Elkartzeko data adostu genuen, eta batzar hartan nire esperientzia azaldu nion. Pentsatu nuen ikastolak duen moduko eraikin baten ere aztertu beharko litzatekeela energia berriztagarrien bideragarritasuna. Gogoratu behar dugu larrialdi klimatiko baten murgilduta gaudela eta egiteko kapazak garen edozein ekarpen garrantzitsua izango da.

Garrantzitsua da gurasoen parte hartzea? Talde tekniko bat sortuz gero, gurasoak parte hartzera animatuko zenituzkete?

E.B.: Noski baietz, zenbat eta ikuspuntu gehiago eduki, hobeto. Nire kasuan, orain arte eduki dudan esperientzia baino askoz gehiago ezin dut kontatu, baina denon artean ideia pila bat bururatu dakiguke.

I.N.: Oso interesgarria izango litzateke guraso talde bat sortzea informazioa eta aholkuak jaso eta ikastolako komunitateari azaltzeko zein aukera ditugun energia berriztagarriak erabiltzeko. Ez ikastolan bakarrik, norbere etxean ere bai. Hasiera baten argindarra sortzearena aipatu nion zuzendariari, baina aurrerago berogailu sistemak aldatzea ere oso interesgarria izango litzateke sistema berriztagarriak erabiltzeko, eta lan talde hori sortuz gero, informazia eskuragarri edukitzea oso positiboa litzateke.