Urko Rodriguez Kurutziaga Ikastolako Zuzendari Gerentea da. 2002 urtetik dihardu Kurutziagan lanean eta ezagutu ditu garai zailagoak kudeaketari dagokionez. Horregatik, baikortasunez begiratzen dio Plan Estrategikoan zehaztu den datorren laupabost urteko zikloari.
“Baliabide eta inbertsioen kudeaketa jasangarria eta orekatua”.
Etorkizuneko erronkekin hasi aurretik atzerako begiradat bat beharrezkoa dela diozu.
Halaxe da, bai. Azken hamabost urteotan egindako inbertsioak ikastola bere dimentsio berrira egokitzeko inbertsioak izan dira. Urteotan guztiotan ikastola 700 ikasle izatetik 1100 izatera pasatzeak espazioen sorreran inbertitu beharra ekarri zuen hasieran: eraikin berria, jantokia handitzea, gela berriak sortzea… Denak ere inbertsio handiak, bere zorpetzearekin…
Geroago egindako inbertsioak aldiz, teknologiarekin lotutako berrikuntzetara bideratu ziren gehienbat: Wifi sare integrala, arbel digitalak, ikasle eta irakasleentzako gailuak…
Eta azkenekoek, bai ekonomikoki bai praktikoki pisu handiena izan dutenek, ikastolak pauso bat aurrera eman dezan balio izan dute. Jolas eremu berriaz eta Haur Hezkuntzako eraikinean egindako inbertsioez ari naiz bereziki. Inbertsio hauek oso lotuta daude gure hezkuntza proiektuarekin eta gure praktika pedagogikoarekin.
“Argi dago epe ertaineko plan honetan pedagogian inbertitzen jarraitu behar dugula”
Aurrekariak ezagututa, zein da Plan Estrategikoak markatzen duen inbertsioen norabide nagusia?
Argi dago epe ertaineko plan honetan pedagogian inbertitzen jarraitu behar dugula. Etorkizuna irudikatzea oso zaila den arren, ikastola beti izan da aitzindaria berrikuntzetan eta, nik uste, egungo klaustroa eta zuzendaritza gai direla datorrenari aurrea hartzeko. Lan-lerro honen helburu nagusia da berrikuntza pedagogikoei erantzuteko inbertsio eta bideragarritasun plana diseinatzea, behar diren baliabide berriak lortzea eta, ondoren, inbertsio sendoak egitea.
Jantokia eta bazkalosteko tartea dira zerbitzuei dagokienez azpimarratu beharreko puntuak.
Hor ere badago ahaztu ezin dugun aurrekari bat. Jantokiari dagokionez, guraso talde baten bultzadaz hasieran, eta Ausolanekin batera, menuak aldatu genituen orain urte batzuk. Inguruko baserritarren produktuak sartu ditugu eta ekonomia jasangarri baten alde egin dugu. Hobetzen jarraitzeko, hala ere, beharrezkoa izango da ematen dugun zerbitzuaren gaineko hausnarketa eta honen hobekuntza proposamena garatzea.
Beste alde batetik, eguerdiko tarteaz ari garenean ez gara jantokiaz eta elikagaiez soilik ari. Bazkalostetik eta klaseak hasi arteko tarte hori guretzako arretagunea da aspaldidanik. Ume eta gaztetxo asko batzen dira ikastolan eta, elkarbizitzari dagokionez, bereziki kontuan hartu beharrekoa da. Iaz piloto bat jarri genuen martxan eta aurten proiektu bat eroan dugu aurrera Berbaro eta Ausolanekin batera adin tarte ezberdinak kontuan hartuta diseinatutako eskaintza batekin. Aurrera begira, bideragarri izateko, bidelagunekin aztertu beharko dugu eman duena eta inbertsioak eta ezagutzak partekatu beharko ditugu gure jarduna hobetzeko.
“Jolastoki berriari dagokionez, ikastolaren ohiko jardunetik kanpoko kudeaketa da gure ardura nagusietako bat”
Jolastoki berriak ere ahalegin berezia eskatzen du kudeaketa eta inbertsioei dagokienean?
Jakina. Ikastolarentzat ahalegin ekonomiko handia suposatu du gauzatzeak berak. Bestetik, udalarekin akordioa lortu zen lurren lagapenerako eta espazio horren erabilpen publikorako. Horri lotuta, ikastolaren ohiko jardunetik kanpoko kudeaketa da gure ardura nagusietako bat: espazioaren zaintza eta herriari begirako zerbitzua bermatzea. Uste dut ardura konpartitu bat eskatzen duela, bai ikastolako komunitatea osatzen dugunona, bai erabiltzaile guztiena, eta baita udalarena berarena ere. Hor badugu beste lan-lerro estrategiko bat.
Maiatzeko ostegunotan zehar datozen urteetarako Plan Estragikoan jasota dauden erronka nagusiak aurkeztu dizkizuegu. Ekainaren 12ko ez-ohiko Batzar Nagusian zehatzago emango dugu euron berri. Bertan elkar ikusiko dugula espero dugu ikastolaren etorkizuna guztion ardura baita.