Animatu zaitez Ibilaldian parte hartzera, bolondres lanak egitera zein TANTA ekimenean parte hartzera!

Badator aurtengo Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jai handia. Egunean bertan lana egongo da egiteko, baita aurreko asteetan ere. Horregatik, zure ekarpena ezinbestekoa izango da aurten.

Bolondres lana

Datorren maiatzaren 29an egingo da Ibilaldia Abusun (Bilbo). Toki handienean, ikastolarik txikienari dagokio antolatzea. Egun horretan, jaia behar den moduan ateratzeko, zuen guztion laguntasuna beharko dute antolatzaileek. 

1.300 boluntario beharko dituzte egun horretako hainbat lan egiteko. Egin beharreko lanak honakoak lirateke: sarrerak zaindu, edarien txosnetan aritu, ogitartekoen txosnan aritu, diru-trukeetan egon, segurtasunaz arduratu, mantenu lanak egin, muntaia eta desmuntaia egin, trafikoa gidatu, aparkalekuak koordinatu, garbiketa, osasun zerbitzua eman, zozketa egin, txahal/oilasko eta piper pintxoak saldu, elektrizistak, iturginak eta arropa saldu. 

Ikastolan 12-15 laguneko talde bat antolatzea da asmoa, gune desberdinetako txosnetan (edariak edo ogitartekoak) lan egiteko. 

Taldea maiatzaren 12rako osatuta egotea eskatzen dute antolatzaileek. 

Izena emateko eta zalantzak argitzeko, jo ezazu idazkaritzara.

TANTA ekimena

Aurten ere Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoaren hirugarren ekitaldia martxan da.

Dakizuen bezala, familia bakoitzari 5€ko txartela banatuko zaio eta 60.000€ko saria irabazteko aukera izango du txartel bakoitzaren jabeak. Zozketa 2022ko ekainaren 24an izango da.

Ondoko egunotan familia bakoitzak txartel bana jasoko duzue Alexia bitartez eta maiatzeko fakturan kobratuko da.