Kurutziaga Ikastolak bat egiten du EHIk egiten duen ondorengo irakurketagaz:
Koldo Tellitu eta Jose Luis Sukia
Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta zuzendari nagusia
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat izango dugu laster, eta horri begira itxaropenak bezala, zalantza eta kezkak sortu dira. Bakoitza bere lubakian jartzea da aukeretako bat; edo elkarlanean jardun eta gaiak perspektibarekin begiratu eta aztertzea beste bat. Ikastolok bigarren horretan kokatu gara. Azkeneko Hezkuntza Legea, erkidego honetan, 1993koa dugu, eta logikoa da pentsatzea hurrengoak ere urteak iraungo dituela. Beraz, burua hotz mantentzeko unea da, helburuak markatu eta horiek lortzeko hezkuntza sisteman non eta nola eragin behar dugun eztabaidatu eta erabakitzeko unea. Euskal Hezkuntzaren antolaketan sistema guztiak gara beharrezko eta elkarren osagarri, beti ere Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izateko baldintzak zorrotz betetzen badituzte partaide diren ikastetxeek. Premisa horretatik abiatzen gara gu.
Legea onartu bitartean, Hezkuntza Itunaren baitan hainbat dekretu iragarri dituzte, eta Hezkuntza Sailak argitaratu berri du 23/24 ikasturterako ikasleen onarpenerako dekretua. Harritu egin gara, egoera honetan, aipatutako dekretua oso orokorra delako, helburu lauso batzuk besterik ez dituelako markatzen. Hezkuntza-sisteman sartzeko eta irauteko berdintasun eraginkorra bermatu nahi izatearekin bat gatoz, baina ondoren argitaratuko den aginduan zehaztuko dira helburu horiek lortzeko neurriak. Hezkuntza eragileok informazio gutxi jaso dugu agindu horren inguruan, baina jaso dugunak zalantzak eragin dizkigu aipatutako helburua lortzeko estrategiaren egokitasunaz. Hala ere, ez gaitezen aurreratu, itxaron dezagun agindua ezagutu arte.
Aginduaren zain, beraz, dekretua bera aztertuko dugu. Beronen bitartez, gure sisteman dagoen arrakala gutxitzeko neurri batzuk ezarri nahi dira. Uste dugu denok partekatzen dugula helburu hori; ikasle eta familien segregazioa bukatu behar dugu denon artean, eta prest gaude behar diren pausoak emateko. Baina helburu horiek lortzeko, ikastetxe (eta sare) guztiok arau berdinak izan behar ditugu, herri apustu bat da eta. Gaia korapilatsua da, ez da erraza, eta ikastetxeen arteko bereizketak egiten baditugu ez da lortuko jarritako helburua, benetan integrazio politika serio eta eraginkorra egin nahi badugu denok saiatu behar dugulako, eta denok izan behar ditugulako baldintza berdinak. Azken finean, denok batera egin behar ditugu gauzak, begiratu gabe sare bat edo bestea kaltetuago edo hobeto ateratzen den. Lanak ondo egiten baditugu Euskal Hezkuntza Sistemak irabaziko du, eta horrekin gure jendarteak.
Garbi izan behar dugu, dena den, hau ezin dela behin betiko neurria izan. Gaia korapilatsua eta dinamikoa da. Guk dakigunez, hemen aipatzen dugun arazoa leku eta estatu askotan errepikatzen da, eta inork ez du aurkitu formula magikorik. Ziur aski ez da irtenbide perfekturik egongo, baina saiatu behar dugu.
Jakin dugu ere Haurreskolen patzuergoa datorren urteko irailetik doakoa izango dela. Eta balekoa iruditzen zaigu baldin eta euskal hezkuntza zerbitzu publikoa osatuko duten ikastetxe guztientzat neurri bera aplikatuko bada. Hala eta guztiz ere, 0-2aren antolaketaren inguruko eztabaida eragile desberdinekin landu ez izanak amorru puntu bat ere ematen digu.
Hezkuntza legearen zirriborroari ere aipamena egin nahi genuke. Ikasturte hasierako ekitaldian gure lehen balorazioa egin genuen, eta momentu honetan ikastolaz ikastola eztabaidatzen ari gara zirriborroa, eskualdeko bilerak antolatuz. Hil honen amaiera aldera bukatuko dugu prozesua eta hori izango da unea behin betiko balorazioa egiteko. Ikastolok euskal Hezkuntza sistema berri bat sortzeko jaio ginen. Ez bakarrik euskararen berreskurapena eta euskal kulturaren transmisioaren inguruan, baizik eta XX. mendeko ohiko eskolaren alternatiba izateko eta ikastetxeen kudeaketa berri bat bultzatzeko ere sortu ginen. Komunitate logiketatik, herritarren arteko lotura horizontaletatik abiatuta, eredu autogestionarioarekin, komunitateko kide guztiek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko aukerarekin.
Ikastolok beti aldarrikatu dugu eredu berri bat. Ez dugu ulertzen hezkuntza sistema bat administrazioaren agindupean bakarrik, bere titulartasunaren menpe bakarrik. Jendarte osoak era antolatuan hartu behar du parte. Are gehiago, gaitasuna izan behar du momentu batzuetan bere askatasunetik administrazioaren aurrean nor izateko. Eztabaidatzen ari den legeak aukerak ematen baditu eredua aldatzeko eta Euskal Herrirako sistema berri bat eratzeko, ikastolok bat egingo dugu. Hor egongo gara elkarlanean beste hainbat hezkuntza eragilerekin, beti egin dugun bezala. Badakigu eraldaketa ezin dela bi egunetan lortu. Badakigu urratsak egin beharko direla, baina badakigu ere iparra hor dagoela, horretarako eman behar direla pausoak eta gaur egun dagoen eredu administratibista zentralizatuak ez duela aukera ematen helburu hori lortzeko. Hezkuntza Lege berri bat, hezkuntza-sistema berri bat, Euskal Herrirako, sistema propio bat sortzeko nahi dugu; hura lortzeko pauso esanguratsu bat izatea nahi dugu.
Izan daiteke utopia bat, baina herri bat (are gehiago gu bezalako herri bat) ez da aurrera aterako irudimenik gabe. Momentua da, jar dezagun begirada helburu horretan eta hartu ditzagun behar diren erabakiak bide horretan. Horrela bada ikastolok bultzatuko dugu Legea, bestela, azken 40 urte hauetan bezala, ikastolok gure bidea jorratzen jarraitu beharko dugu, gure autonomiatik eta auzolanean lan eginez, erreferentzia nazionala izanez hezkuntzan eta euskaran. Euskal curriculuma bultzatzeko motore izaten jarraituko dugu, Euskal Herri osoko ikastetxe guztietarako ikasmaterial aurreratua egiten segituko dugu eta, noski, hezkuntza ereduaren eraldaketa pedagogikoa bultzatzen jarraituko dugu.