Bisita gidatuekin hasi gara jadanik: Zatoz Kurutziaga gertutik ezagutzera!

Txikiei begirako espazioak umeak berezko duen jakinmina, esplorazio eta ikerkuntzarako beharrari erantzun gura dio. Haurren ongizatea bermatuz garapen testuinguru erakargarria eskaintzea da gure erronka. Hezkuntza eremua dugu gurea, baina baita kalitatezko zaintza eskaintzen duena.  Jolasaren bidez, haurra inguratzen duen mundua ezagutuz doa eta  lasaitasunez eta gogotsu aritzeko oinarrizko beharrak ondo asetuak behar dute egon. Guretzat espazioak, hazkuntza eta hezkuntza funtzio bat betetzen du, hezitzaile bat gehiago da, autonomia, jakinmina eta jolaserako gogoa etengabe sustatzen duena.

Espazio osoan zehar barreiatuta ditugun txoko, material anitz zein argiz betetako tramankulu eta esplorazio kutxa erraldoiak gure haurren unibertso txiki horretako parte dira. Zentzumenen bidez eta imitazioz behin eta berriz erabili eta irudimena aktibatzen dituztenak.

Horiek guztiak eta gehiago ikusi eta ezagutzeko, bisita gidatuak egiten ditugu urte osoan, Kurutziaga Ikastola bertatik bertara ezagutu eta gure hezkuntza proiektuaren berri izan gura duten familiei zuzenduta daude (Ikastolako kide zaren neurrian, interesik eduki dezakeen inor ezagutuz gero, albiste hau zabaltzen laguntzea eskertuko genizuke).