Aurten, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean ikastolan jai dugunez, azaroaren 22a beteko dugu aldarriz ikastola. Azken urteetan bezala, geletan, indarkeria matxistari buruz hausnartzen, eztabaidatzen eta aldarrikapenak sortzen ari gara. Mugimendu feministari esker, aurrerapausu nabariak eman dira arlo honetan eta guk iturri horretatik elikatzen ditugu gure aldarriak. Hala nola, ikastola komunitatea osatzen dugunok, hezkidetzaren lanketa eta indarkeria matxistaren prebentzioan lanean jarraitzen dugu.
Iaz esan genizuen bezala, hezkuntza komunitateak eta bertan lanean ari garenok erantzukizun handia dugu prozesu honetan. Identitatea eraikitzen ari diren haur eta gazteak gure artean ditugu, geletan, ikastolan, etxean…. Horregatik, gu guztiok eragile aktibo izan behar dugu. Eta ikastola ezin da aniztasunarentzat arrotza den gune bat izan, babesa eskaini behar diegu, ziurtasuna, jazarpenik gabe diren bezalakoak adierazteko askatasuna.
Bide horretan, bizikidetza eta hezkidetza plan integralak ditugu eta zintzotasunez eta konpromezuz betetzen saiatzen gara. Ikasturte honetan, ikastolako klaustroa osatzen dugunok erronka sakon batean murgildu gara, hots, sexu-hezkuntzako formakuntza sakon eta aberasgarri batean murgildu gara. Boletinaren bitartez azaldu genizuen bezala, jada HH,LH eta DBH osatzen dugun irakasleok 2 orduko bina saio jaso dugu eta gure egunerokoan ikasitakoak esperimentatzen ari gara. Oraindik hirugarren saio bat geratzen zaigu eta ziur gaude bertan ikasitakoak ere praktikan jartzen jarraituko dugula.
Hala ere, ikasleen heziketa prozesuan eragiteko eta genero-estereotipoak ezarritako mugak eta jokabide matxistak gainditzeko denon konpromezua da beharrezkoa. Egunak (azaroaren 25ak) aldarrikatzeko balioko digun arren, guk ikasturte guztiko esku-hartzean sinesten dugu, esku-hartze partehartzailean hain zuzen ere, hezkidetza oinarri harturik, indarkeria matxistaren kontzientziazioan eta prebentzioan ekinez. Zuek etxean erein, guk ikastolan landu eta guztion artean herrira zabalduz.
Azkenik, azaroaren 22an, ostirala, zuen seme-alabak kamiseta edota jertse morez jantzita etor daitezela eskatu nahi dizuegu.