Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Kurutziaga Ikastolako familia horiek:

Jakingo duzuen moduan, urtero, azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurtengo azaroaren 25a hurbiltzen ari den honetan, zuengana jotzen dugu geletan egingo dugun lanketaren berri emateko.

Baina zergatik azaroaren 25ean egun hau? Esteka honetan duzuen dokumentuan aurkituko duzue galdera honen erantzuna: MIRABAL AHIZPAK.

Aurtengoan eguna bera asteazkena izango da, eta gu geletan gaia lantzen hasiak gara. Ikasturte honetan tratu onak ditugu hizpide, iazko ildoari jarraituz, eta  horren emaitzak ikusiko dituzue ikastolako kanpo espazioko horma desberdinetan zehar: idazkaritzan, ikastolako sarreran (karroen aparkaleku ondoan), LHko tutoretza azpiko horman (erdiko patioan) eta Harmailetako kristaleran.

Bestalde, egun horretan, azaroaren 25ean, asteazkena, zuen seme-alabak kamiseta edota jertse morez jantzita bidali ditzazuela eskatu nahi dizuegu, egunarekiko atxikimendua adierazteko.

Amaitzeko, Emakundek proposatzen duen Puntu Lilaren zabalkundearekin bat egin nahi dugu, sinbolo hau publikoki erakusteak berarekin dakarrelako emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa. Hilabete honetan zehar honen erabilera egin dezazuen eskatzen dizuegu, irudi hau publikoa egitea zuen mezuetan, zuen webguneetan, sare sozialetan, egoitzetan, eskutitzetan, eta bururatzen zaizuen leku guztietan.

Beste barik, aurretiaz zuen inplikazioa eta parte hartzea eskertuz, agurtzen zaituztegu.