Zapatuan egun berezia izango dugu Kurutziagan, Udaberri festa izango baitugu hain zuzen. Horren antolakuntzan jo eta su aritu dira hainbat guraso, eta beraiekin egin dugu berba, egunari eta abarri buruz.
Badator Udaberri jaia. Gogotsu zaudete?
Umeekin arratsalde eder bat pasatzeko gogo handiz gaude, Gaztañerre ezin izan zen gauzatu eta oraingoan bai, familian egun polita pasatzeko asmoa daukagu.
Egunaren prestaketan hainbat guraso ibili zarete. Zelan antolatu zarete?
HHko guraso ordezkariak ibili gara antolatzen Udaberri jaia, eta giro onean ibili gara. Pare bat bilera egin ditugu, lanak banatu, tailerretarako kontaktua bilatu, erosketak egin, musika bilatu… Horrez gain, DBHko ikasleei laguntza eskatu diegu, horrela beraiek ere ikasbidairako dirua atera ahal izango dute. Denok laguntzeko prest gaudenez, antolaketa erraza izan dela esango genuke.
Zer helburugaz prestatu duzue eguna?
Zirku tailerrean zentratua egongo da arratsaldea. Aurtengoan ikuskizuna izan barik, umeek parte hartzen zuten zerbait antolatzea pentsatu dugu. Eta zer hobeto zirku tailer bat baino! Horrez gain eskulanak, aurpegia margotzea, txokolatea etab. ere egongo dira.
Zelako arratsaldea izango den aurreikusi gura duenarentzat, zelan antolatuko da jaialdia?
16:30ean hasiko da, ate urdinetik izango da sarrera, txokolatea egongo da, DBHkoen eskutik tortilak eta bizkotxoak ere salgai egongo dira, gero zirku tailerreko hainbat gune egongo dira, eskulanak egiteko guneak ere bai, aurpegia margotzeko… dena jai giroan, musikagaz…
Familiek familientzat eginiko eguna izango da. Zenbaterainoko da garrantzitsua gurasoek horrelako ekimenetan parte hartzea?
Uste dugu ikastolaren izaera (kooperatiboa) bat datorrela familien eta gurasoen parte hartze aktibo hori bilatzeagaz. Gainera, harremanak indartzeko aukera paregabea ematen du aipatutako balioak eta kultura transmititzeaz gain. Horrelako ekimenen antolakuntzarako ikastolako familia guztiak animatu gura ditugu parte hartzera.
Eta zenbateraino da garrantzitsua Durangoko familia guztientzat izatea ikuskizuna?
Ikastolako familientzat izateaz gain, kanpokoak ere ongi etorriak dira! Ikastola denok dakigun bezala, kooperatiba da, denona da, eta kooperatiba den heinean, inguruan beste eragile bat gehiago da. Horrelako ekimenek ikastola herrira gerturatzen dute. Familia arteko arratsalde pasa dibertigarria egingo dugu zapatuan, animatu zaitezte etortzera eta ondo pasatzera, gainera eguraldia ere lagun izango dugu!