Bego Goitia Arrola (1983 Durango) Kurutziagako ikasle ohia da. Joan den barikuan Haur Hezkuntzako 3 eta 5 urte bitarteko umeei berak sortutako “Kaka Dantzaria” ipuina kontatzera etorri zen. Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua, bazkide batekin sortutako Diseimedia publizitate agentzian dihardu lanean.
Joan den barikuan ikastolan izan zinen HH-ko ikasleekin. Zelako esperientzia izan zen?
Oso polita eta hunkigarria. Hainbeste denbora eta gero Ikastolara bueltatzea oso berezia izan da. Norberaren oroitzapenak eta sentsazioak pizten dira eta, nahiz eta ikastola itxuraz aldatu den, esentzia bera somatzen da giroan. Umeak oso jator eta maitekor agertu ziren, asko amaieran ni besarkatzera etorri ziren… Ipuin kontaketa txintxo-txintxo jarraitu zuten eta amaieran pegatina bana eman nien. Eurek poz-pozik!
“Hainbeste denbora eta gero Ikastolara bueltatzea oso berezia izan da. Norberaren oroitzapenak eta sentsazioak pizten dira”
“Kaka dantzaria”. Bitxia egiten da ipuin batean protagonista kaka zati bat izatea. Azalduiguzu, mesedez, nondik datorren pertsonaiaren historia.
Txikitan, domekaro, Mungiara joaten ginen baserrira, aitita eta amama bisitatzera. Bidea garai hartan ez zen gaurkoa lakoa. Bihurgunez beteta zegoen eta luzeagoa zen. Ni beti mareatu egiten nintzen, edo bestela txapa emoten nuen. Amak istorioak asmatzera animatzen ninduela bidea atseginagoa egiteko eta, bide batez, ez mareatzeko. Horrela, Kaka Dantzaria asmatu nuen, eta astebururo agertzen zen gure kotxe bidaietan.
Nor da Kaka Dantaria eta zer kontatzen du?
Kaka Dantzaria gu guztion barnean dagoen heroia da. Txiki-txikitatik denok egin behar diegu aurre gure beldurrei, frustazioei, kanpoko “ezetz” guzti horiei, gizartearen etiketei… Horregatik, autoestimua txikitatik lantzea garrantzitsua da, gustoko dugun hori egiteko, edo behintzat saiatzeko. Zeren, saiatuz gero, beti aterako dugu zerbait positiboa esperientzia horretatik, emaitza edonolakoa dela ere.
“Kaka Dantzaria” zeuk idatzi, ilustratu eta argitaratutako lana da. Zergatik aukeratu zenuen dena zeure gain hartzea?
Hain proiektu pertsonala izanda oso argi nuen dena nire buruan, eta gainera, gai ikusten nintzen nik neuk dana egiteko. Asko gozatu nuen liburu hau sortzen, nire haurtzarora egindako bidai bat izan zelako. Liburua 2018ko Azokan aurkeztu nuen, auto ekoizleen plazan, eta oso oso harrera ona izan zuen. Eroan nituen liburu guztiak saldu nituen, 200 bat ale!
“Txiki-txikitatik denok egin behar diegu aurre gure beldurrei, frustazioei, kanpoko “ezetz” guzti horiei, gizartearen etiketei… Horregatik, autoestimua txikitatik lantzea garrantzitsua da”
Umezaroko lehenengo irakurketek eta ipuinek markatu egiten gaituzte sarri. Baduzu, bereziki gogoan zure umezaroko baten bat?
Amak “Txisteak eta asmakizunak” deituriko liburu bat oparitu zidan txikitan eta liburu horri pegatuta bizi izan nintzen hilabete askoan… Etxekoak kokoteraino zeuden txiste eta asmakizun berberak entzutez, eta gaur da eguna gogorarazten didatena zein nekagarria izan nintzen liburu ditxoso horrekin!
Badarabilzu beste libururren baterako ideiarik buruan?
Momentuz ez baina nork daki. Sormena datorrenean dator.
Zer akordu duzu zure Ikastolako garaiaz?
Ikastolako garaia oso garrantzitsua izan zen. Hiru urtetatik hamasei urtera arte egon nintzen bertan, eta nagusitze prozesua bertan eman nuen. Oso oroimen politak ditut orokorrean, baina bereziki antzerkiaren sasoia gogoratzen dut: Txotxe, Elena eta Amaiarekin batera egin genuen lana bi urtetan zehar. Hainbeste ezagutzen ez zenituen ikaskideak ezagutzeko aukera, antzezpenak duen sentsazio majiko horren bizipena… Eta gero, nola ez, ikasbidaia!
Oh.: Kaka Dantzaria liburuak izan duen arraskataren ondorioz, gaztelerazko bertsioa argitaratu da aurten. “La Caca Bailarina” (Europa Ediciones).