Domekan, abenduaren 3an, euskararen eguna aldarrikatuko dugu Euskal Herrian, baita Durangon ere. Eguerdiko 12:00etan Landako Gunean batuko gara, durangarrok euskaraz bizi gura dugula aldarrikatzeko antolatuko duten ekitaldian.
Euskaldunontzat euskara gure ama hizkuntza izateaz gain, gure herriko ezaugarri nabarmenetarikoa ere bada. Gu geu euskararekin identifikatuta sentitzen gara. Elkarteok, ikastetxeok, instituzioek eta herritarrok ere badugu zeresanik eta zereginik: aisialdian, kirolean, lagunartean, lanean… euskaraz bizitzeko aukerak egon behar dira. Eta horretan euskaldunok sarri izaten gara umezurtz!
Geroago eta nabariagoa da, euskararen eta durangarron artean, elkarren arteko beharra. Hamaika aldiz entzun dugu “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik” esaldia. Eta bada garaia horren inguruan pentsatzen baino, horren aurrean ekintzak hartzeko. Euskara euskaldunon arnasgunea da, gu euskararen arnasgune garen moduan.
Etxetik hasi geitezke bide horretan. Katalogoa.eus atarian hainbat eskaintza dituzue eskuragarri egunotan. Animatu zuen gustoko liburu, ipuin, jolasak… eskuratzera!
Domekan ikusiko gara elkar!