Ebaluazio txosten berriak

Curriculum dekretu berriak ikastolako dokumentu marko orotan egokitzapenak eta berrikuspenak egitera eraman gaitu.

Dokumentu honek ikasleak maila pertsonalean eta akademikoan garatu beharreko  funtsezko konpetentziak jasotzen ditu. Hauek ikas arloetako konpetentzia espezifikoen bitartez garatzen eta ebaluazio irizpideen bidez baloratzen dira.

Ebaluazio integralak jakintza-arlo guztietan batera garatutako konpetentziak eta lortutako emaitza eta helburuen balorazioa biltzen ditu bere baitan. Ikaslearen garapen osoa hartzen da aintzat, alde batetik akademikoa, baina baita pertsonala eta jarrerazkoa ere.

Lotura horiek guztiak egitea eta bideratzea izan da hiruhileko honetan  erronka nagusia guztiontzat, HH, LH eta DBHko  lan talde osoarentzat. Eta aurrerantzean ere, ikasturtea bukatu arte, hala beharko du izan.

Moldaketa hauek guztiak hezkuntza eremuan eta arkitektura digitalean (Alexia aplikazioan) egin beharra dago aldi berean hiruhileko bakoitzaren amaierako txostenetan islatuta gera dadin ebaluazio horretako informazioa.

Ikasturte honetan moldaketa hauek  ikasmaila batzuetan emango dira soilik. LH 1, 2 eta 3n batetik, eta LH5en  eta DBH 1 eta 3an bestetik (LH 4, LH 6, DBH 2 eta DBH 4n iazko formatu bera mantenduko da).  Lehen hiruhilekoa bukatzear dagoen honetan, gure ardura txosten digital horien sorkuntzan eta funtzionamendu egokia ere bada. Zeregin zehatzak gure esku egon arren, badaude beste zenbait alderdi tekniko eta orokorragoak azken momentuan eragin dezaketenak. Aldaketek beti dute arrisku hori, kontziente gara eta egoera horretan denon ulermena ezinbestekoa izango da. Beraz, txostenen bidalketan arazoren bat sortuko balitz, mesedez, lehenbailehen komunikatzea eskertuko genizueke, konponbide bizkor eta eraginkorra ahalik eta arinen bideratzeko.

Ebaluazio txosten berri horren ulermena errazte aldera, zuekin partekatzen dugu irudi bidezko  azalpena eta zenbait oinarrizko argibide lagungarri izango direlakoan.

 

Bestelako zalantza edo galderarik balego, zuzendaritzarekin harremanetan jarri.

ZUZENDARITZA TALDEA