Urko Rodriguez: “Lehentasuna osasuna eta presentzialtasuna izango da ikasturte honetan ere”

Badator 2021-2022 ikasturtea. Dena ondo joan dadin, ikasturtea abiatu aurretik dena prest utzi behar da. COVID-19a gure artean dagoelarik, martxan jarriko diren arauek komunitate osoaren osasuna bermatzea dute helburu. Horren inguruan eta beste gai batzuen inguruan berba egin du Urko Rodriguez ikastolako zuzendariak. 

Bigarren ikasturtea izango da COVID-19a dela-eta ezohiko egoeran abiatuko da. Iaztik aldaketarik izango al da?

2020-2021 ikasturtearekin alderatuta diferentzia nabarmenena ezagutza eta konfiantza da. Iaz dena zen beldurra eta ezjakintasuna. Aurten badakigu segurtasun protokoloa eraginkorra dela, eskarmentua badugu eta, kutsatzeak egonda ere, badakigu prest gaudela egoera ez-presentzialean klaseak emateko.

 

“Iazko tentsioa mantendu egin beharko dugu ikasturte hasiera honetan ere”

 

Beraz, neurriak egokiak badira, aldaketa gutxi.

Hasiera honek, iazkoarekin alderatuta, aldaketa gutxi izango ditu. Lehentasuna osasuna eta presentzialtasuna izango da ikasturte honetan ere, hau da, ikasleak ikastolan bertan eskolak hartzea eta kutsatzeak ekiditea ikastetxe barruan. Ondorioz, iaz hartutako neurriekin jarraituko dugu aurten ere: Musukoaren derrigorrezko erabilera, talde txikien eraketa, segurtasun distantziak mantendu, eskuen garbiketa…

Hala ere, konfiantza larregi ezin dugu hartu. COVID-19ak hor jarraitzen du, ez da uda erraza izan eta kutsatze asko eman dira; beraz, ezin dugu errealitate horren perspektiba galdu. Iazko tentsioa mantendu egin beharko dugu ikasturte hasiera honetan ere. Gogorarazi behar dugu iaz denon artean egindako lan ona mantendu egin behar dugula.

Txertaketa prozesuak lagun dezake lan horretan?

12 urtetik gorako gazteentzako txertoa ere hemen dugu, bai. Hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak txerta daitezke. Gaia orokorra izan arren, hartzea edo ez norberari dagokiola uste dut. Kasu honetan familiari dagokio erabakia hartzea. Nik uste dut helduak garela erabakiak hartzeko.

 

“Guztiok iaz bezain ondo egiten badugu lan, ikasturtea ondo joango da!”

 

Hala ere, txertaketa kanpainak, birusarekiko ezagutza handiagoa izateak, protokoloak finkatuta izateak… funtzionamenduan aldaketatxoak egiten ere lagun dezake?

Bai, noski. Funtzionamenduari dagokionez, berrikuntza txiki batzuk sartu ditugu, segurtasun protokoloaren barruan. Esaterako, Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango musukoaren erabilera; bai, ordea, Lehen Hezkuntzatik aurrera.

Horrez gain, instalazioetako sarrera eta irteera guneak errepasatu ditugu, eta norberari dagokion sarrera zein den ikustea eta arauak errepasatzea ere komeni da, aldaketa batzuk sartu ditugulako. LH1, LH2 eta LH6an sarrera irteeretan aldaketak ikustea komeni da.

Gune horietan, hain zuzen ere, hidrogelaz garbitu beharko dira, baina ez zaie tenperaturarik hartuko (tenperatura etxean hartu beharko dute).

Zer dela eta sarrera eta irteera guneen aldaketa hori?

Iazko antolaketan sarreretan ondo asmatu genuen, baina irteeretan ez. Irteeretan pilaketak izaten genituen, beraz ikastola atarietan ez gelditzeko eskariaz gatoz berriro. Ikastola amaitzen denean sarreretan ez gelditzea komeni da, guztion hobe beharrez. Hau kudeatzeko familien laguntza beharrezkoa dugu.

Zerbait esan gura diezu ikastolako komunitatea osatzen duten guztiei?

Ongi etorria eman gura diet 2021-2022 ikasturtera. Espero dugu denok osasunez ondo izatea eta udako oporren ostean indarberrituta egotea. Guztiok iaz bezain ondo egiten badugu lan, ikasturtea ondo joango da!

[Hemen klikatu ordutegiak eta sarrera-irtereen guneak ikusteko]